Deba ibaia garbitzeko auzolana antolatu dute urriaren 20rako

elgoibarren.net 2012ko urr. 10a, 15:20

 
Ibai Lagun egitasmoaren barruan, Deba ibaia auzolanean garbitzeko ekimena eta ibaiaren gaineko hitzaldi sorta bat antolatu dituzte Elgoibarko Udalak, Debegesa Garapen Agentziak, Morkaiko Mendizale Elkarteak eta Gazte Asanbladak elkarlanean, URA-uraren Euskal Agentziaren laguntzarekin. Urriaren 20rako egin dute ibaia garbitzeko deialdia, eta antolatzaileek nabarmendu dute deialdi irekia dela eta nahi duen guztiak parte hartu dezakeela.



 Antolatzaileek, arropa erosoa eta zapata egokiak eramateko gomendioa egin diete interesatuei. Boluntarioak 11:00etan batuko dira Kalegoen plazan, eta Debegesakoek han bertan banatuko diete garbiketa lanetarako beharrezkoa duten materiala: eskularruak, zabor-poltsak, guraizeak... Ondoren, 13:00etan, mokadutxoa ere izango dela aurreratu dute. Hala, Debegesako Garapen Jasangarrirako departamentuak dei egin die herritarrei, haur nahiz helduei, boluntario gisa parte har dezaten. Hori bai, aurretiaz izena ematea eskatu die, besteak beste aseguruak eta luntxa prestatzeko ezinbestekoa zuelako zenbat jende batuko den jakitea.
 Interesatuek 943 820 110 telefono zenbakira deitu dezakezue edo debaibaia@debegesa.com helbidera idatzi, urriaren 18a baino lehen. 18 urtetik beherakoak heldu batek lagunduta joan beharko dira.
 Iaz hamasei boluntariok hartu zuten parte Elgoibarren ibaiaren garbiketan. Mendaron, bertriz, 13 lagunen artean garbitu zuten ikastola pareko ibai zatia.
 
∞Lotura duten albisteak: