Udal artxiboko dokumentu gehienak digitalizatu ditu Elgoibarko Udalak

elgoibarren.net 2012ko urr. 16a, 15:52

Elgoibarko Udal Artxiboko dokumentu zaharrak, 1346-1960 urte bitartekoak, digitalizatu ditu Jose Valderreyren enpresak azken bi urteetan. Guztira, 25.542 irudi digital egin dituzte, bi orritara. Orrialdetan zenbatuz gero, 48.000 orrialde. Dokumenturik zaharrena, 1420. urtekoa da, eta pergamino bat da: Elgoibar sortu zeneko Hiri Gutunaren (1346) kopia da.


“Digitalizazioak ondare historikoa hobeto gordetzea ahalbideratzen du. Izan ere, ondare horren ordez kopia digitalak kontsultatzeko aukera emanda, dokumentazio guzti hori eskuz esku erabiltzea sahiesten dugu, eta ondorioz, galtzeko edo hondatzeko arriskua txikitu”, adierazi du Jose Valdereyk. Hortaz, aurrerantzean, Elgoibarko Udal Artxiboa kontsultatu nahi duten herritarrek udaletxera jo besterik ez dute. Udal artxiboa kontsultatzeko espresuki jarri duten ordenagailu batean eskuratu ahal izango dute informazio guztia. Besteak beste, udaletxeko aktak, hitzarmenak, lur jabeen eta Udalaren arteko akordioak, notario-aktak, gerrateak, araudiak, burdinola, bide eta lursailen inguruko informazioa… daude digitalizatutakoen artean.
•Balio handiko dokumentuak
 Digitalizatu dituzten dokumentuen artean balio handikoak dira batzuk. Horien artean, udal artxiboan gordeta dagoen dokumenturik zaharrena, 1420. urteko pergamino bat azpimarratu du Valderreyk. Elgoibar sortu zeneko Hiri Gutunaren (1346) kopia dela argitu du. Espainiako Errege katolikoen zigilu batekin, 1498koa, gordeta dago pergaminoa udaletxeko idazkaritzan. (Ikus hemen pergaminoaren eta zigiluaren irudi digitalak, PDFan)

1706638020914 Udal artxiboko dokumentu gehienak digitalizatu ditu Elgoibarko Udalak

1706638020978 Udal artxiboko dokumentu gehienak digitalizatu ditu Elgoibarko Udalak

Libro Colorado delakoaren garrantzia ere nabarmendu du Jose Valderreyk. Udal Artxiboan zeuden 1534. urtera arteko dokumentu zaharrenak gordetzeko asmoz egindako liburua da, 1727. urtekoa. Pedro Perez de Marigorta eskribaua arduratu zen antzinako dokumentu zahar guzti haiek Liburu Gorrian transkribatzen. “Hitzez hitz eta puntuz puntu; ezer kendu eta ezer gaineratu gabe” egin zuela laga zuen idatzita.Hona hemen jarraian intereseko beste artxibo batzuen irudi digitalak: