“Lur gainean daude euskal arrastoak”
Hasteko, atzera begira jarri eta erromatarren garaira eraman gintuen Kikek. Garai hartan, bi zatitan banatua egon zen Nafarroa: “Saltus Vasconum” edo inguru menditsua, eta “Ager Vasconum” edo alde erromanizatuagoa. Baina erromatarren garaiko arrastoak gero eta gehiago dira inguru menditsu horretan ere. Hala ere, euskarak bizirik iraun zuen. Zergatik? Horixe da galdera, oraindik erantzunik ez duena.
Aurrera jarraitu baino lehen, Kikek azpimarratu zuen, euskarari dagokionez, alde handia dagoela zonalde baten eta bestearen artean. Tafalla-Erriberritik gora euskal toponimia non-nahi topa dezakegu, baita euskara galdutako bazterretan ere. Bere esanetan, “lur gainean daude euskararen arrastoak”. Hortik behera, berriz, gutxiago dira euskal toponimoak.
Erdi Aroan, Nafarroan euskarak garrantzia handia izan zuela azaldu zigun Kikek. Baina, Nafarroako errege-erreginek bultzaturik, Pirinioez haraindiko jende erdaldun asko etorri zen bizitzera Donejakue Bidea zela-eta, eta beren hizkuntza ekarri zuten. Hizkuntza hori XVI. menderako itzalia zen eta, haren ordez, euskara nagusitu zen. Iruñeko kasuan, adibidez, (Iruñeko San Zernin burguan) euskarak bere tokia berreskuratu zuen, eta hori horrela izan zela erakusten duten tokikotasun asko dago. XVII. mendea, berriz, urrezko mendea izan zen Iruñean, eta XVIII. mendean ere euskarak toki handia izan zuen Nafarroan.
“Batzuk badoaz eta besteak ez datoz
XIX. mendean, baina, izugarrizko aldaketa ezagutu zuen euskarak. Mende hasieran egoera on samarrean bazegoen ere, gerora asko okertu zen gure hizkuntzaren egoera. Hala, Bigarren Karlistaldiaren (1872-1876) ondoren, Euskara Elkargoa sortu zen Nafarroan euskararen alde lan egiteko. Dirudunak eta kulturadun jendea izan zen, batez ere, elkargoan elkartu zena, eta Arturo Campión (1857-1937) historialari eta euskaltzalea izan zen eragileetako bat. Campiònek ez zuen batere argi ikusten euskararen eta euskaldunen etorkizuna, eta ezaguna egin zen haren esaera bat: “Batzuk badoaz eta besteak ez datoz”. Campión hil aurretik omenaldi txiki bat egin zioten Iruñeko ikastolako umeek eta plaka bat oparitu zioten honako esaldi honekin: “Batzuk badoaz, baina besteak bagatoz”. Poz handia eman zion horrek Campióni.
Bigarren Errepublikaren garaian ere (1931-1939) izan zen euskararen aldeko mugimendurik Nafarroan. 1931n sortu zen, adibidez, Iruñeko lehen ikastola, eta Lizarran eta Elizondon ere beste horrenbeste egin zuten. Baina 1936ra arte iraun zuten ikastolek; altxamendu frankistarekin, bertan behera geratu zen ikastolen aldeko mugimendua.
Gerra Zibilaren gainean, pare bat gauza. Batetik, esan zigun altxamendua prestatu zuten asko euskaldunak zirela, eta erreketeen kasuan ere euskaldunak zirela (euskaldun elebakarrak, kasu askotan). Bestetik, 1936an, errotik eten zen ordura arteko dinamika; gerratik bizirik irten ziren euskaltzaleak sormenerako batere gogorik gabe ere geratu ziren.
Euskararen aldeko gizarte-ekimena
1950. urtera salto egin genuen segidan, eta urte horretan Nafarroako Aldundiak helduen euskalduntze-alfabetatzea sustatzeko lehen euskaltegia sortu zuela esan zigun Kikek. Halaber, garai hartan euskaltzale baten izen-abizenak nabarmendu behar ditugu: Migel Jabier Urmeneta. Iruñeko alkate eta Diputazioko kidea ere izan zen, eta haren itzalpean Euskara Saila sortu zen. Sail horrek euskararen aldeko ekimenak bultzatu eta babestu zituen.
1960ko hamarkadari dagokionez, 1960an lehen bertsolari-txapelketa antolatu zen Nafarroan, eta sei-zazpi urtez arrakasta handia izan zuen. 1963an, ikastolak sortzeko beste ahalegin bat egin zen Iruñean, baina huts egin zuen, “poliziak umeak baino lehenago iritsi zirelako”. Azkenean, 1965ean sortu zen gerra ondorengo lehen ikastola Iruñean. Euskal kulturaren berri emateko, euskarazko aldizkari bat ere sortu zen 1966an, eta 7.000 ale inguru banatzen zituzten hilero, doan. Bitxikeria moduan, Kikek esan zigunez, euskaraz zekiten umeei 100 pezeta sartzen zieten aurrezki-libretan; eta ez zekitenei ere bai zertxobait, euskara ikastera anima zitezen.
Aski da!
Kikeren esanetan, Nafarroan euskararen atzeranzko joerak duela 25-30 urtera arte iraun zuen. 1990etik aurrera D ereduak gorantz egin zuen, eta Bai euskarari! kanpainarekin Sadar futbol-zelaia betetzea lortu zen (Osasuna futbol-taldeak lortzen ez zuena). Baina Diario de Navarrak “aski da!” esan zuen, eta euskararen aurkako diskurtsoa zabaltzen hasi zen. Nafarroako gobernua ere euskararen kontra are nabarmenago eta zuzenago, mozorrorik gabe, egiten hasi zen; horren adibideak ditugu 2000. urtetik aurrera eman zituzten arau-dekretuak, Nafarroako euskaldunen eskubideak are gehiago murriztu zituztenak. Hala ere, aurretik ere nahiko murriztuta zeuden, 1986ko Legearekin (Nafarroa hiru zonaldetan banatzen duena).
Atzera begirako errepasoa amaitu ondoren, gaur egungo egoera azaltzeari ekin zion, eta hainbat sektoreri erreparatu zion. Irakaskuntzari dagokionez, D eredua beheranzko joeran hasi da azken bizpahiru urteetan. Gobernuak, orain, ingelesaren eta euskararen artean aukeratzeko atakan jarri ditu gurasoak, “eta ez dugu horri behar bezala erantzuten asmatu”. Hedabideen kasuan, “Nafarrok ETB ikusteko Aralarren antena jarri zen, jendearen diru-laguntzari esker. Baina aro digitala iritsi da, eta ezin dugu ETB ikusi. Ez dago euskaraz egiten duen marrazki bizidunik gure txikienentzat”. Euskalerria Irratiaren kasuan, berriz, 25 urte bete ditu irratiak eta oraindik ez du lizentziarik. Irrati hori hainbat aldiz aurkeztu da irrati-lizentziak banatzeko lehiaketetan, eta teknikariek ematen dituzte aldeko txostenak, baina politikariek erabakitzen dute Euskalerria Irratiari lizentziarik ez ematea. Nafarroako agintarien itxikeria itogarria azpimarratu zigun Kikek.
Saltzaile onen beharra
Hitzaldiaren puntu honetara iritsita, Kikek galdera bat bota zuen airera: “Nafarroan euskarari eusteko prozesuan, zer egin dugu ongi? Eta, zer egin dugu gaizki?” Erantzun moduan, gogoeta txiki hau eskaini zigun: “Nafarroan euskarak saltzaile onak behar ditu. Nafarroan euskararen kontrako militante sutsuak daude eta euskaltzaleok buruarekin lan egin behar dugu. Ondo pentsatu behar dugu zer eta nola egin. Izan ere, Nafarroako gazte askok euskararekin ezin dela gozatu uste dute; euskara ` barrikadari` lotuta ikusten dute, eta hori derrigor aldatu behar dugu. Jende askok euskaraz ikasten du eta badaki euskaraz, eta hori poztekoa da, baina non daude gazte sortzaileak? Bertsolaritzan badatoz, baina sortzaile gehiago behar ditugu beste alor batzuetan ere”.
Euskararen aldeko kanpainen gainean ere baditu zalantzak: “Euskal Herri osorako antolatzen diren kanpaina guztiek mesede egiten al digute nafarroi? Lodosako ikastolaren aldeko kanpaina, esaterako, aurre-matrikulazio garaian egin zen; ez dut esan nahi egin behar ez denik, baina kanpaina haren bidez, nahigabe, mezu hau plazaratu zen: D ereduan gauzak oso gaizki daude, bazterrak nahasita daude, ez dago dirurik, eta horrek hainbat guraso ikaratu, eta seme-alabak euskarako ereduan ez sartzea erabaki zuten”.
Orain arte lortu den guztia gizartea mugitu delako lortu dela argi dauka Kikek, eta aurrerantzean ere antzera izan beharko duela uste du. Baina plangintza serio baten beharra ikusten du,“euskara eta Nafarroa ez bereizteko”. Nafarroaren konkistaren 500. urteurrena dela-eta, Nafarroa modan dago eta ia denok hitz egiten dugu Nafarroaz eta Nafarroaren alde, baina “Nafarroaren aldeko jarduna euskaltasunari lotuta ikusi nahi dut; bestela ez zait interesatzen”.
Horra Nafarroa eta euskara lotu nahi zituen hitzaldiak emandakoaren kronikatxoa. Galdera-erantzunen tartea ere izan zen, baina honekin nahikoa izango delakoan amaierako puntua jarriko dugu. Egoera beltz samar margotu zigun kezkarekin alde egin zuen Kikek Elgoibartik, baina hori da barrutik irten zitzaiona. Eta bai, Kike, badago itxaropenerako tarterik, zalantzarik gabe.