Lapurretak Aiastiara bidean

elgoibarren.net 2012ko urr. 19a, 17:29

 
Indarkeria erabiliz eginiko lapurreta salaketa bat ikertzen ari da Ertzaintza. Barne saileko iturriek jakinarazi dutenez, Aiastiara bidean oinez zioan lagun bati lepokoa lapurtu zioten, joan den astelehenean.

 
 


 Santa klara eta Aistia artean bide bazterretik pasieran zebilen lagun bati eginiko lapurreta ikertzen ari da Ertzaintza. Salaketan jasota dagoenez, biktimaren parean geratu zen autoa eta bi lagun irten ziren ibilgailutik. Haietako batek, biktimaren arreta bereganatzeko asmoz, galderaren bat egin zion biktimari. Une horretan, biktimak aldean zeraman lepokoa ostu zioten, hari tiraka.

 Zenbait herritarrek BARREN astekariko telefonora hots egin dute lapurreten berri emateko eta herritarrak ohartarazteko. Aiastiara bidean lapurreta bat baino gehiago egon dela jakinarazi dute gainera. Ertzaintzak salaketa kasu bat dagoela baieztatu du oraingoz, baina ez dute baztertzen lapurreta saiakera gehiago egon daitezkeenik. Herritarrek aipaturiko kasuetan errepikatu egiten da lapurretak egiteko modua, hau da, modus operandi delakoa berdina da. Hala, lapurrek pertsona nagusiak hautatzen dituzte. Autoa haien parean geratu eta zerbait galdetzeko aitzakiarekin egoera nahasten saiatzen dira. Biktimek soinean baliozko zerbait duten ikusteko baliatzen dute une hori. Baliodun zerbait ikusten badute hartu egiten dute, indarkeria erabiliz beharrezkoa dela uste dutenean.