Hizkuntzen kudeaketarako '30+10' mintegia egiten dihardute IMHn

elgoibarren.net 2012ko urr. 24a, 09:58

 Euskara eta hizkuntzen kudeaketari buruzko 30+10 mintegia hasi berri da IMHn. Zazpigarren urtez antolatu du mintegi hori IMHk, eta aurten nazioartera begira jarri dira. Lau hitzaldi, bi mahai inguru eta elkarrizketa batek osatzen dute mintegiaren egitaraua. 

Enpresa, ikastetxe eta erakundeen hizkuntza kudeaketarako baliagarriak izan daitezkeen erreminta eta zerbitzuen berri ematen dihardute IMHko 30+10 mintegian. Aurtengo edizioan nazioartera begira jarri dira, eta,  besteak beste, ondorengo gaiak landuko dituzte: India eta AFM, Danobat, Korta eta Juaristiren ikuspegia,  Europako enpresa-praktika eleanitz onenen mapa, eta Tecnaliaren ikuspegitik bertako eta kanpoko hizkuntzen-kudeaketak nazioartera begira duten garrantzia.

 

Lanbide Heziketari dagokionean, hizkuntza katea ikastetxetik enpresara nola luzatu aztertuko dute, mahai inguru batean.

 

 

Mintegia IMHk antolatu du, Ahize-AEK hizkuntza aholkularitza, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Elgoibarko Udalaren laguntzarekin. Zazpi urte hauetan, hainbat eragilek ere lagundu dute lan horretan, besteak beste, AFM, Langune, Artez, Emun eta Elhuyar Aholkularitzak.

 

 

EGITARAUA:

  • 08:45 Harrera: Akreditazioa eta dokumentazioa jaso
  • 09:00 Hasiera ekitaldia. Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Elgoibarko Udalaren agurrak. IMH eta Ahize-AEKko arduradunen eskutik.
  • 09:35 “Hizkuntza-kudeaketaren garrantzia enpresen nazioarteratze prozesuetan” Leyre Madariaga, TECNALIAko hedapenerako zuzendaria eta Idoia Aldekoa, ELHUYAR AHOLKULARITZAko kidea.
  • 10:10 “Mapping Best Multilingual Business Practices in the EU (2/2011)” lanaren helburu eta emaitzen aurkezpena. LANGUNE. Europako aditua. Antoine Raulin (Bureau van Dijk)
  • 10:55 “India sozio-ekonomikoa, sozio-linguistikoa eta sozio-kulturala” aurkezpena eta mahai ingurua. AFMk azalduko du Indiako merkatuan sartzeko sustatzen diren estrategiak eta enpresek haien esperientzia praktikoa. Mahai inguruko partaideak: Jon Ander Mugika (DANOBAT), Ander Aranbarri (JUARISTI) eta Andoitz Korta (KORTA). Dinamizatzailea: Mikel Artola (AFM)
  • 11:40 Atseden-kafea
  • 12:10 “Lantokiko Prestakuntza eta Txandakako Lanbide Heziketa euskaraz" mahai ingurua. Nola kudeatu hizkuntzen aldagaia, lanbide heziketako ikasle euskaldunek praktikak/txandakatzea euskaraz egin ahal izateko?  Ikaslan, enpresa eta ikastetxe ordezkariak
  • 13:00 "Management eta hizkuntza-plangintza". Xabier Erize. New Jerseyko Seton Hall Unibertsitatean soziolinguistikan aditua
  • 13:45 0tik 1.000ra. Bikain izateko enpresa baten esperientzia. Elkarrizketa BIKAINen inguruan. Elkarrizketatu/Elkarrizketatzailea: Anaje Narbaiza (ELAY) eta Galder Lasuen (EUSKALIT)
  • 14:30 Gosegarria. Makina Erremintaren Museoan

 

 

Mintegiaren harira, Edurne Bilbao IMHko komunikazio arduradunak ondorengo iritzi artikuloa idatzi du.

 

1706638001574 Hizkuntzen kudeaketarako '30+10' mintegia egiten dihardute IMHn

 Indian... euskaraz?

India da munduko 2. estatu populatuena, 10. ekonomia eta demokraziarik handiena. 28 estatuk osatzen dute eta 22 hizkuntza ofizial ditu. Horietako 3 daude hiztun gehien dituzten munduko 10 hizkuntzen artean: Hindia eta ingelesa, gobernu-hizkuntzak, eta Bengalera.  Gobernu hizkuntzez gain, estatu bakoitzak bereak zehazten ditu, eta horren arabera antolatu zituzten estatuak. 

Egoera horrekin egiten dute topo gure enpresek, Indiara joaten direnean, negozio aukera berriak zabaltzera. Han arrakasta izateko, hainbat alderdi kontuan hartzen dituzte. Horien artean, ezinbestekoa zaie hizkuntzak kudeatzea, eguneroko lanetan hango eta hemengo lana koordinatzeko. Zein irizpide dituzte? Hobetu daitezke? Zentzuzkoa litzateke euskara eta gaztelania hara eramatea? Egokia da ingelesez bakarrik aritzea? 

Indian lehen pausoak eman dituzten makina erremintaren arloko enpresen (AFM, DANOBAT, JUARISTI eta KORTA)  bizipenak ezagutuko ditugu IMHn, urriaren 24an antolatu dugun “30+10 Mintegia, hizkuntza-kudeaketa enpresan” jardunaldian.   

Zazpigarren urtez antolatu dugu, hizkuntzen kudeaketaren ikuspegitik, ekarpena egiteko enpresei, ikastetxeei eta erakundeei. Horretarako ekarri ditugu, ohi bezala, bertako eta nazioarteko esperientziak, praktika onak, eta merkatuan diren baliabide eta zerbitzu eleanitzak.  

Aurten beraz,  nazioartekotzeari begira, India lantzeaz gain,  Europako enpresa-praktika eleanitz onenen mapa eta TECNALIAren ikuspegia ere ezagutuko ditugu. Lanbide Heziketari begira, hizkuntza katea ikastetxetik enpresara nola luzatu aztertuko dute mahai inguru batean hainbat eragilek. Euskal Herrian sortutako esperientzietan sakontzeko, Xabier Erizek "Management eta hizkuntza-plangintza" lana aurkeztuko digu, eta, goiza amaitzeko, ELAYko Anaje Narbaiza eta EUSKALITeko Galder Lasuenen arteko elkarrizketa interesgarria izango dugu. Solasaldi horretan, aztertuko dute enpresa batek hizkuntza-kudeaketa egokia lortzeko Bikain ziurtagiria nola baliatu dezakeen eta zein aholku edo jarraibide izan behar dituen kontuan. Goiz osoan zehar, MAQUELSA enpresak erakusgai izango du pantaila euskaraz duen KONIKA MINOLTA fotokopiagailua. 

Gai horiek guztiak interesgarriak direlakoan gaude, eta enpresak gonbidatu nahi ditugu horien gaineko hausnarketa egitera, gero eta nabarmenagoa baita hizkuntza-kudeaketak haien jardueran duen eragina. Horren lekuko ditugu azken hilabeteetako berriak. EUSKAL HERRIA ESNEAren etiketak  eta ENPRESAREAN azokaren arrakastak baieztatu digute euskal hiztunen komunitatea gero eta egituratuagoa dagoela merkatu gisa, eta gora egiten ari dela euskara eta hizkuntzen kudeaketa erreminta eraginkortzat duten bertako enpresen kopurua. 

Aldi berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak prentsaurrekoetarako eta hornitzaileentzako onartutako hizkuntza-irizpideen inguruan entzundakoek erakutsi digute, oraindik ere, lana dugula ikuspegi hori sendotzeko.

Mintegia IMHk antolatzen du Ahize-AEK hizkuntza aholkularitza, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Elgoibarko Udalaren laguntzarekin. Urte hauetan, hainbat eragilek ere lagundu dute lan horretan, besteak beste, AFM, Langune, Artez, Emun eta Elhuyar Aholkularitzak.