Tasak %3,4 igotzea onartu ostean, alkateak bertan behera laga du udalbatzarra Twitter erabiltzeagati

elgoibarren.net 2012ko urr. 24a, 22:20

Alkateak bertan behera utzi du gaur arratsaldeko bilkura, Joseba Elustondo Bilduko zinegotzia Twitter sare sozialaren bidez batzarraren berri zabaltzen ari zelakoan. Aurrez, aretoan zegoen ikusle bati kargua hartua zion arrazoi berarengatik.

 

 

 Pleno aretoan sare sozialak erabiltzearen gaineko araudirik ez dagoela arrazoitu du Etxeberriak, eta Udal idazkariak gai horren inguruko txostena egin arte atzeratu du batzarra. Ordura arte gai-ordeneko hainbat puntu landu dituzte, eta besteak beste, 2013ko tasak %3,4 igotzea erabaki dute. 

 Gai orden luzea zuten gaurko udaltzabarrean, baina ez dituzte gai guztiak landu, Alfredo Etxeberria alkateak osoko bilkura bertan behera lagatzea erabaki duelako. Javier Nuñez PPko zinegotziak eta Joseba Elustondo Bildukoak Twiterren jarritakoaren arabera, alkatearen erabakiak harridura sortu du pleno aretoan, eta adierazpen askatasunaren aldeko mezuak zabaldu dituzte sare sozialean.

Adin txikikoei alkohola saltzeagatik isun gogorragoak

  Ordura arte, gai ordeneko hainbat gai landu dituzte. Besteak beste, adin txikikoei alkohola saltzea debekatzeko ordenantzan isunak gogortzea erabaki dute, EAJ, PSE-EE eta PPren aldeko botoekin. Bildukoak abstenitu egin dira gai honetan. Ordenantza horren arabera, 16 urtetik beherakoak ezingo dira bakarrik sartu tabernetan, eta 18 urtetik beherakoei ezingo zaie alkoholik saldu ez tabernetan, ezta komertzioetan ere. Ordenantza hori lehendik ere indarrean zegoen, baina hemendik aurrera isun ekonomikoak gogorragoak izango dira, eta establezimenduak ixteko aukera ere egongo da.

Zerga igoerarik ez hondakin organikoak birziklatzen dituztenei

 Era berean, 2013ko tasak %3,4 igotzea erabaki dute, Espainiako iraileko KPI indizean oinarrituta. Hala ere, tasa batzuetan salbuespenak egingo dira: zaborren kasuan esaterako, Elgoibarko Udalak bosgarren kontenedorearen aldeko apustua egin du. Hortaz, hondakin organikoak birziklatzeko izena eman duten herritarrei ez zaie zaborraren gaineko zerga igoko datorren urtean. Aurrerantzean bosgarren kontenedorearen erabilera zehatzago kontrolatzeko neurriak hartuko direla azaldu du alkateak, eta horren araberako hobariak emateko ahalegina egingo dutela aurreratu du. Honi lotuta, gutxien erabiltzen diren zabor edukiontziak kendu egingo dituzte azarotik aurrera, kostuak murrizteko.

Kultur ikuskizunak eta Kirol Patronatuko kuotak

  Zergekin jarraituz, BEZa jasaten duen zerbitzuetan KPIaren igoerari BEZa bera handituko diote. Kultur ikuskizunei eta Kirol Patronatuko kuotei eragiten die honek, besteak beste. Hortaz, zine emanaldietako sarrera arrunta 5 eurotik 6ra igoko da (Gazte Txartelarekin 4,5 euro); haurrentzako emanaldietako sarrerak 3 eurotik 3,5era igoko dituzte (nagusien sarrera emanaldi horietan 4,5etik 5 eurora garestituko da). Antzekiak ikusteko, bestalde, 9 eurotik 10 eurora igoko dituzte sarrerak (haur antzerkietan zineko prezio berbera izango dute sarrerek).

  Ibilgailuen zergari dagokionean, auto elektrikoek udal zergan zuten %75eko hobaria %95era igoko dute, eta 25 urtetik gorako autoen gaineko zergak %50eko hobaria izango du (orain arte ez zuten zergarik ordaintzen).

Etxebizitza hutsen gaineko zigorrik ez

  Aipatzekoa da baita ere Elgoibarko Udalak ez duela indarrean jarriko etxebizitza hutsen gaineko zigorrik 2013an. EAJren iritziz, etxebizitza hutsak zein diren jakiteko irizpideak ez dira argiak eta Foru Aldundiari irizpide horiek ondo zehazteko eskatu diote. Aldundiak Udal bakoitzari utzi dio etxebizitza hutsen gaineko irizpideak zehaztea, baina Elgoibarko Udal Gobernuak uste du Udal guztiek irizpide berberak eduki beharko lituzketela zerga hori aplikatzeko, eta irizpide horiek zehaztea Aldundiari dagokiola uste dute.