Urriaren 24ko Udalaren Osoko Bilkuran gertatutakoaren inguruko adierazpena egin du Bildu Elgoibarrek. Euren bertsioa emateaz gain, gertatutakoaren gaineko balorazioa ere jakinarazi dute koalizioko arduradunek. Haien esanetan, Udalbatzarreko 11. puntua eztabaidatzen ari ziren unean, alkatea aretoan zegoen ikusle bakarrari zuzendu zitzaion. Twitter sare sozialaren bidez osoko bilkuraren kontaketa egiten ari zela esan zion alkateak herritarrari eta horretan ez jarraitzeko agindu zion. Aldi berean, idazkariari Udalbatzarretan Twitter erabiltzeari buruz araudiak dioenaren inguruko txosten bat eskatuko ziola adierazi zuen alkateak, Bilduren adierazpenaren arabera. Eta adierazpenak honela jarraitzen du: “11. puntuaren eztabaidara itzuli bezain pronto alkateak Marijo Garmendiari {Bilduko zinegotzia} hitza kendu eta bere eginez, Joseba Elustondo Bilduko zinegotzia ere Twitter bidez Osoko Bilkuraren berri ematen ari zela salatu zuen, batere frogarik gabe eta modu desegokian. Gero, egiten ari zena bertan behera lagatzeko esan zion Josebari”. Horren ostean, alkateak osoko bilkura bertan behera lagatzea erabaki zuen.
•Twitter, publikotasuna bermatzeko tresna ezin hobea
Udalaren Osoko Bilkurak publikoak direla adierazi du Bildu Elgoibarrek. Eta, teknologia berriak publikotasun hori bermatzeko eta herritarrengana errazago heltzeko tresna "ezin hobeak” direla gaineratu dute. Are gehiago, Twitter bera egunetik egunera erabiliagoa den tresna bada, besteak beste hitzaldi, konferentzia, bilera publiko eta antzerakoen kontaketak egiteko erabiltzen delako ere badela uste dute koalizioko arduradunek. “Udal gehienetan teknologia berrien eta ikus-entzunezkoen erabilpena arautua ez egoteak ez du inolaz ere hartutako neurria justifikatzen”, azaldu dute.
Elgoibarko alkateak herritarren parte hartzea eta gardentasuna ulertzeko duen modua ere salatu du Bilduk. Haien ustez, zalantza asko sortzen dituen jokabidea da. Honela azaldu dute adierazpenean: “Azken udalbatzarrekoa moduko jokabideek zalantza asko sortzen dizkigute. Are gehiago, Udalak herritarren parte hartzearen inguruko prozesu bat abian jarri duenean". Bilduelgoibar udal taldearentzat "ezinbestekoa" da Udalean herritarren parte hartzea sustatzeko pausuak ematea. "Guk bide horretan lanean jarraituko dugu. Baina ezin dugu ukatu urriaren 24ko plenoan erakutsitako moduko jarrerek zalantzan jartzen dutela Udalak martxan jarritako prozesua bera”.