'Zuloak' filma aurkeztera etorriko da Fermin Muguruza Elgoibarrera, azaroaren 8an

elgoibarren.net 2012ko urr. 29a, 18:19

Fermin Muguruza musikari eta zinemagilearen azken lana da "Zuloak", errealitatea eta fikzioa nahasten dituen dokumentala. Donostiako Zinemaldian estreinatu ostean, joan den urriaren 5ean estreinatu zuten zinema aretoetan. Elgoibarren ere izango dugu Zuloak izeneko musika taldearen ibilbidea segitzen duen filma ikusteko aukera, azaroaren 8an, 19:30ean, hain zuzen ere. Gainera, Fermin Muguruza etorriko da filma aurkeztera. (bideoa dauka)


 Arnaldo askatu, politika askatu herri ekimenak eta Ongarri zine klubak elkarlanean antolatu dute Zuloak dokumentalaren emanaldia. Emanaldia janzteko, gainera, Fermin Muguruza (Irun, 1963) filmaren zuzendaria etorriko da Elgoibarrera filma aurkeztera.

1706637998471 'Zuloak' filma aurkeztera etorriko da Fermin Muguruza Elgoibarrera, azaroaren 8an

Euskal Herriko eszena musikaleko emakumeez berba egin nahi zuen Fermin Muguruzak (Kortatu, Negu Gorriak, Dut, ...) eta "dokumental faltsu" bezala ezagutzen den generoaz baliatu zen asmo horretan. Halaxe sortu zuen Zuloak filma. Proiektua aurkeztu zuenean bizitza laburra izan zuen talde baten ibilbidea jaso behar zuela esan zuen Irungo musikari ezagunak, eta hainbat hedabideetan ere halaxe zabaldu zuen. Donostiako Zinemaldian, Zabaltegi-Bereziak atalaren barruan, estreinatu zutenean argitu zen misterioa: Dokumentala egiteko propio sortutako musika taldea da Zuloak.

 Azaroaren 8an, eguena, ikus ahal izango dugu Elgoibarren. Ohiko ordutegitik kanpo eskainiko du Ongarri zine klubak: 21:30ean beharrean 19:30ean, hain justu ere. Hala bada, Fermin Muguruzaren hitzaurrearekin hasiko da, 19:30ean, Zuloak filmaren emanaldia, Herriko Antzokian.