Elgoibarren estreinatuko dute ikuskizun berria Pirritx eta Porrotx pailazoek

elgoibarren.net 2012ko urr. 30a, 11:57

 
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek gertu dute ikuskizun berria: Sentitu, pentsatu, ekin!. Emanaldi ugari emango dituzte Euskal Herriko hainbat herritan, baina, lehen geldialdia, Elgoibarren egingo dute. Azaroaren 17an izango da eta bi emanaldi eskainiko dituzte Herriko Antzokian. Sarrerak Kutxaren bidez eskuratu daitezke, azaroaren 2tik aurrera.

 

Pirritx eta Porrotx pailazoen emanaldia, Olaizaga kiroldegian. Artxiboko argazkia.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo ezagunak ohi baino goizago etorriko dira aurten Elgoibarrera. Azken urteetan Gabonen bueltan etorri dira gurera, baina aurten azaroaren 17an eskainiko dute Sentitu, pentsatu, ekin! izeneko ikuskizun berria. Bada beste berrikuntza bat ere, Herriko Antzokian izango baita pailazoen emanaldia, Olaizaga kiroldegian izan beharrean. Bi saio eskainiko dituzte, 16:30ean lehenengoa, eta 18:30ean bigarrena.
 
  •   Emanaldirako sarrerak Kutxaren bidez erosi behar dira, eta horretarako bi aukera daude: Internetez eskuratu daitezke www.kutxa.net helbidean (0,70 euroko gainkarga du horrek) edo, bestela, telefonoz 943 001 200 zenbakira deituta ere erosi daitezke (Horrek 0,80 euroko gainkarga dauka). Sarrerak Kutxaren kutxazinetan jaso behar dira. Udaleko Gazteria sailetik jakinarazitakoaren arabera, helduek 10 euro ordaindu beharko dituzte eta 8 euro umeek.
Sentitu, pentsatu, ekin! ikuskizunaren sinopsia
 Ospakizun urtea dugu pailazook aurtengoa, izan ere, amona Josefinak 100 urte beteko baititu! Pirritxen, Porrotxen, Mari Mototsen eta Pupu eta Loreren eskuetako hatzak zein oinetako behatzak ere behar dira halako zenbaki potoloa zenbatu eta osatzeko! Pailazoak eta lagunak amonaren baserrira joango gara gure amona eta jada birramona ere badenarekin festa egitera. Zaharra bezain polita, argia eta irudimentsua da amona. Guztiek zoriondu nahi dute Josefina maitagarria. Bada norbait , ordea, festa zapuztu nahi duena, eta gu oztopatzen saiatuko dena etengabe. Lortuko ote du? Ala maitasuna eta alaitasuna gailenduko ote dira azkenik? Zatoz gurekin batera amona Josefinari zorionak zuri abestera!