Euskadi Literatura saria irabazi du Iban Barrenetxeak, bigarren urtez jarraian

elgoibarren.net 2012ko urr. 31a, 10:49

Bigarren urtez jarraian irabazi du Iban Barrenetxeak Euskadi Literatura saria: Iaz, ilustrazio arloko saria jaso zuen, Bombastica Naturalis lanagatik. 2012ko Euskadi Sarietan, berriz, gaztelaniazko haur eta gazte literaturakoa jasoko du, El cuento del carpintero lanarengatik.


Lurdes Auzmendik, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Twitterren jarritako argazkia.

Euskadi Literatura sariek hainbat kategoria dituzte, eta urteko literatur lanik onenak saritzen dituzte (ikusi 2012ko irabazleak). Gaztelaniazko haur eta gazte literatura modalitatean, Iban Barrenetxea ilustratzaile eta idazle elgoibartarrak jasoko du saria. Izan ere, Josebe Martinez (epaimahaiburua), Elisabet Mas, Enrique Uriarte, Iñaki Markotegi eta Imanol Mercero epaimahaikideen arabera, Iban Barrenetxearen El cuento del carpintero (A Buen Paso) lana izan da aurkeztutako lan guztien artean onena.
 Honakoa ez da liburu honek jaso duen estreinako saria, Premio Libro Kirico 2011 saria jaso zuen-eta, joan den udaberrian.
 Iban Barrenetxeak eginiko lau liburu argitaratu dituzte oraingoz. Ilustrazioak egin ditu berak lauretan eta bi liburutan, azkena barne, testuak idatzi ere bai. Argitaratu gabe dauden beste hiru liburu amaituta dituela jakinarazi du Barrenetxeak.
Sari banaketa azaroaren 13an
  Euskadi literatura sarien banaketa ekitaldia azaroaren 13an egingo da Bilbon, EHUren Bizkaia aretoan. Irabazle bakoitzak 18.000 euroko saria jasoko du, eta 4.000 eurokoa ere izango du gero, bere lana beste hizkuntza batera edo batzuetara itzultzen bada. Aurreko urteetako saridunen zerrenda eta informazio osagarria Jaurlaritzaren Euskadi Sarien orrialdean.

El cuento del carpintero liburuaren book-trailerra: