Elgoibar Urban Showk hazten jarraitzen du

elgoibarren.net 2012ko urr. 31a, 15:26

Elgoibar Urban Show hiriko dantza eta kultura jaialdiaren hirugarren ekinaldia antolatu du +Urban Culture elkarteak. Maria Escobedok aurkeztu du gaur aurtengorako prestatu duten egitaraua eta bertan eman du berrikuntza nagusienaren berri, alegia, egun bakarreko ikuskizuna izatetik lau eguneko jaialdia izatera pasa dela. Dantza urbanoekin zerikusia duten hainbat ekintza antolatu dituzte, abenduaren 10etik 14ra artean. Era berean, Espainiako Estatuko B Boy onenek hartuko dute parte Herriko Antzokian eskainiko duten ikuskizunean, abenduaren 14an. (bideoa dauka)


 Azken bi urteetan Herriko Antzokian eskaini duten dantza urbanoen ikuskizuna izan da Elgoibar Urban Show jaialdiaren ardatza. Aurten, baina, aste osoko jaialdia antolatu dute +Urban Culture elkarteko kideek. Hala, abenduaren 10etik 14ra bitartean, ume eta gaztetxoentzako Break tailer praktikoak, kalejira bat eta Institutuko ikasleen aurrean egingo duten dantza erakustaldia antolatu dituzte, besteak beste. Horiez gain, Herriko Antzokiko ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da aurten ere, abenduaren 14an. Ez nolanahiko ikuskizuna gainera.

1706637981893 Elgoibar Urban Showk hazten jarraitzen du

1706637981972 Elgoibar Urban Showk hazten jarraitzen du

Estatuko B Boy onenetarikoak
  Maria Escobedok ziurtatu du aurreko urteetako ikuskizuna gaindituko duela aurtengoak. Gainera, Herriko Antzokiko taula gainera igoko diren talde eta dantzari guztiek Gai baten inguruan dantza egingo dutela estreinakoz argitu du. Baita Espainiako Estatuko B Boy onenetarikoak ekarriko dituztela ere, “Isaac Suarez buru dutela”. Escobedoren esanetan, dantza urbanoetan puntako lau talde daude Espainian eta horietako bat da Kulbik, Isaac Suarez kide den taldea. Talde horrek irabazi zuen, hain justu ere, Telecinco kateko Tu si que vales saioa. (ikus finaleko bideoa youtuben). “Teknika izugarria duen dantzaria da eta, horrez gain, badaki dantzan bizi dituen sentimenduak nola helarazi ikusleari”, azaldu du Escobedok (hona Isaac Suarezen trebeziaren abidibe bat). Hortaz, Andaluzian jaio baina Bartzelonan bizi den Isaac Suarez izango da “kartel-burua” aurtengo ikuskizunean. Baina ez B-Boy bakarra izango. BBoys Crazyhit, Snot eta Artis ere Elgoibarrera etorriko dira. “Bakoitzak bere ibilbidea egina du, ez dira taldekideak, baina Elgoibarko ikuskizunerako espresuki prestatutako saioa eskainiko digute.

Euskal labeldun koreografo eta dantzariak
  Izar handiez gain, euskal labeldun dantzari eta koreografoek ere izango dute lekua aurtengo egitarauan. Bertako dantzaien lana ezagutzera eman eta bultzatzeko asmoarekin sortu dute Label izeneko saila. “Han eta hemen begira ibili ostean, hiru koreograforen lana aukeratu dugu eta horiek etorriko dira Elgoibarrera abenduaren 14an”. Marta Casas, Jaki eta Ion Mikel Landa dira euren lana erakutsiko duten koreografoak. Hoiekin batera, noski, Dance&Smile talde elgoibartarra ere igoko da taula gainera, Maria Escobedoren gidaritzapean.
  • Sarrerak: Elgoibarren, Iriondo Kirolak eta Gozotoki Amagoian eskuratu daitezke sarrerak (Ogiberri Calbeton okindegian, Eibarren). Internetez ere erosi daitezke, www.danceandsmile.com webgunean. Aurrez erosiz gero, 8 euro balio ditu sarrera bakoitzak eta 10 euro egunean bertan leihatilan erosita.

Honako bideoan iazko jaialdiaren laburpena:

Break tailer praktikoak

1706637982080 Elgoibar Urban Showk hazten jarraitzen du

Abenduaren 12 eta 14rako lau Break tailer praktiko antolatu dituzte. Ume eta gazteei zuzenduta daude eta doakoak izango dira.  Ion Santotomas Bartzelonako B Boyak emango ditu klaseak eta dantza urbanoak eta hip-hoparen klutura gazteei hurbiltzea izango da tailer horien helburua. 9-11 urtearteko haurrentzako tailerrak 17:00etik 18:00etara izango dira eta 19:00etatik 20:00etara 11 urtetik gorakoentzakoak. Doakoak diren arren, izena ematea beharrezkoa da. Honako telefonoan: 679 237 611 edota e-posta bidez: m_danceandsmile@hotmail.com
Kalejira, abenduaren 13an
Kalegoen plazan hasi eta Maalako parkean bukatuko den kalejira berezia ere prestatu dute Elgoibar Urban Show jaialdiaren barruan. Dance&Smile taldekoek eta hurrengo egunean Herriko Antzokian dantza egingo duten dantzariek hartuko dute parte musika eta dantzarik faltako ez den kalejiran. Aurtengo Urban Show-ra gonbidatutako dantzariek, hain justu, erakustaldia eskainiko diete Institutuko ikasleei abenduaren 14an, goizez.
Babesleei esker ona
  Aurtengo jaialdia antolatzeko babesleen laguntza ezinbestekoa izan dela aitortu du Maria Escobedok. “Haiek gabe ez legoke jaialdirik”, dio. Udalaren, herritarren eta Elgoibarko komertzioen laguntza handia jaso dutela azaldu du. “Iaz babesle garrantzitsuak izan zirenak ezin izan digute aurten lagundu eta eskertzekoa da aurten babesle izan ditugun guztiek, krisi egoera honetan, eman diguten laguntza”. Errifak ere saldu dituzte jaialdia antolatzeko dirua batzeko, eta salmentak oso ondo funtzionatu duela aitortu du Escobedok.

∞Lotura duten albisteak: