Prailehaitz leizeari buruzko hainbat ekintza antolatu ditu Okil Beltzak taldeak

elgoibarren.net 2012ko aza. 5a, 15:13

 
Hiru urteko etenaren ostean, indusketa kanpaina berria hasi zuten Praileaitz haitzuloan, joan den irailean. Xabier Peñalverrek zuzentzen duen Aranzadiko arkeologo talde bat ari da Debako Sasiola harrobian dagoen koba honen indusketa lanak egiten. Indusketen harira, egin dituzten azken aurkikuntzak eta haitzuloaren egoera ezagutarazteko asmoz, hitzaldi bat eta ikus-entzunezko bat antolatu ditu Okil Beltzak taldeak, besteak beste.


Okil Beltzak taldeak antolatutako ekintzak:
  • Azaroak 13, martitzena. Filma: Labar arteari buruzko dokumentalaren emanaldia eta, ondoren, Praileaitz haitzuloaren egoera legalaren inguruko azalpenak, Elgoibarko Kultur Etxean, 19:00etan hasita.
  • Azaroak 15, eguena. Hitzaldia: Xabier Peñalver eta Sonia San Jose arkeologoen hitzaldia. Elgoibarko Kultur Etxean, 19:00etan.
  • Azaroak 18, domekia. Txangoa: Praileaitz-Ermittia kobazuloetara irteera, 10:00etan Maalatik.
 2009ko urtarrilean Praileaitz I haitzuloko indusketa lanak gelditu egin ziren. Ordutik, Praileatzen izena eztabaidaz josia egon da, haitzuloarentzat babesa lortzeko plan ezberdinak egin direla-eta. Hala, azken hiru urteetan laborategiko lanetara mugatu behar izan dute Aranzadiko ikerlariek. Joan den irail hasieran, baina, haitzulora bueltatzeko aukera izan zuten. Era horretan, Xabier Peñalverrek, Euskal Herriko Unibertsitateko Arkeologiako doktoreak, orain hiru urte bertan behera lagatako indusketa lanak berreskuratu zituen.
 Praileaitzeko indusketa lanak orain dela hamabi urte hasi ziren, eta, ordutik hona, Paleolito garaiko datu harrigarriak eman ditu, Aranzadikoen esanetan. Prospekzio lanak bi fase ezberdinetan egingo dituzte. Lehendabizikoa, iraileko lehen hamabostaldian egin zuten eta bigarren fasea azaroaren 1ean hasi zuten. Sonia San Jose eta Eloisa Uribarri arkeologoen laguntza izango du Peñalverrek indusketetan.
  • Informazio osoagoa: Praileatz I haitzuloko Madeleine aldiko zintzilikarioak izeneko liburuan aurkituko duzue informazio osoagoa, gaian sakondu nahi izanez gero (inprimitzeko bertsioa ere sarean dago PDF formatuan). Edo, bestela, Praileatzen lagunak taldearen webgunean.
Lotura duten albisteak: