Lidergoan jarraitzen du Concepto Egilek, bost jardunaldiren ostean

elgoibarren.net 2012ko aza. 6a, 14:34

 
Concepto Egile areto futbol taldeak bosgarren garaipena jarraian lortu du Zaragozako Sala Quinto taldearen aurka (2-1). Honenbestez, Bigarren B mailako bigarren multzoko liderra da Debabarrenako taldea, Zierbenarekin berdinduta. (bideoa dauka)

Atenea Ikusnet taldearen aurka jokatuko du hurrengo partidua Concepto Egilek, datorren zapatuan (azaroak 10), Gasteizen.  
 

 Bost jardunaldiren ostean, oraindik galtzea zer den ez dakiten talde bi daude Bigarren B mailako bigarren multzoan: Concepto Egile eta Zierbena. Gipuzkoarrek eta bizkaitarrek jokatutako bost partidak irabazi dituzte eta, dagoeneko, bost puntuko aldea dute hirugarren sailkatuarekiko. Liga erregularraren amaieran lehen bi sailkatuek jokatuko dituzte igoerako kanporaketak. (Ikus sailkapena)
Concepto Egile vs Sala Qionto: Partidaren kronika
 Conceptok etxean jokatu zuen liga txapelketako azken partidua, joan den domekan. Zaragozako Sala Quinto taldeak ez zizkion gauzak erraz jarri, baina 2-1 irabaztea lortu zuten etxekoek. Gol gutxikoa izan arren, ikusgarria izan zen partida. Bat baten aurka jarrita teknika handiko jokalariak ditu Zaragozako taldeak eta jokoaren alor horri etekina ateratzen saiatu ziren uneoro. Horren aurrean falta asko egin zituzten etxekoek eta hortik etorri zen arrisku handiena. Hala eta guztiz, Concepto Egilek hartu zuen partidaren agintea hasieratik eta etxekoenak izan ziren aukerarik argienak. Hala, bosgarren minutuan iritsi zen lehen gola. Gol dotorea sartu zuen Alex Alonsok (goiko argazkian). Area ondoan jaso zuen aurkariek urrundutako baloi bat, eta gorputzari buelta osoa eman ostean, dotoreziaz sartu zuen etxekoentzako lehen gola. Bigarren zatiko seigarren minutura arte mantendu zuen abantaila Conceptok, Hectorrek Zaragozakoen gola sartu zuen arte, hain justu ere. 
 Aldapa gora jarri zitzaion partiduari buelta ematen asmatu zuten, baina, etxekoek. Alex izan zen, beste behin, golegilea. Azken minutuetan markagailuan hartutako abantaila defendatu zuen Conceptok. Hortzak estutu eta defentsako lanean murgildu ziren buru-belarri. Juananek entrenatutako mutilek ofizioa dutela erakutsi zuten azken minutuetan, eta, asko sufrituta izan bazen ere, markagailuko aldeari eutsi zioten.
Hurrengo partidua Gasteizen
  Atenea Ikusnet taldearen aurka jokatuko du hurrengo partidua (seigarren jardunaldia) Concepto Egilek, datorren zapatuan (azaroak 10), Gasteizen.
Bideo-lapurpena: Ondorengo bideoan ikus dezakezue partidaren laburpena: (egilea: Juanan Rodriguez)