Arrate Irratiaren frekuentzia eskaera baztertu egin du Eusko Jaurlaritzak

elgoibarren.net 2012ko aza. 7a, 13:57

 
Arrate Irratia euskarazko irrati emisorak egindako lizentzia eskaera atzera bota du Eusko Jaurlaritzak. “Zabaltzeko asmua moztu deskue, baiña euskeriaren aldeko gure jardunian ez dogu amore emongo”, adierazi du Bernardo Ibarra zuzendarixak …eta kitto! Eibarko aldizkariari egindako adierazpenetan. Arrate Irratia 1959ko abenduaren 23an sortu zuen Urkiola baserriko Pedro Gorostidi abade elgoibartarrak.

 


  Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako irrati frekuentzien banaketa 1986an egin zuen azkenekoz Eusko Jaurlaritzak. Aurten 34 frekuentzia zituen banatzekoak Lakuako gobernuak, eta sei hilabetean zain egon dira Arrate Irratikoak, ilusioz, lizentzia lortuz gero, euren zabalkundea handitzeko aukera izango zutelako. Irailaren 14an, baina, Jaurlaritzaren ohar bat jaso zuten, irailaren 12ko data zuena. Lizentzia eskaera asko jaso zituztela eta lizentziak nola banatu erabakitzeko denbora behar zutela jakinarazi zieten idatzi hartan. “Sei hilabete itxaron eta egun batetik bestera, hauteskunde bezperan, FMko lizentzia denak adjudikatuta zeudela jakin genuen”, adierazi du Bernardo Ibarra Arrate Irratiko zuzendari eta esatariak ...eta kitto! aldizkariari egindako adierazpenetan. Ibarrak ez du joko garbirik ikusi lizentzien banaketan, eta joko horretan galtzailea euskara izan dela nabarmendu du: “Zabaltzeko asmoa moztu digute, baina euskararen aldeko gure jardunean ez dugu amore emango”.

Euskararen aldeko lana
 Arrate Irratia 1959ko abenduaren 23an sortu zuen Pedro Gorostidi abade elgoibartarrak. Arrantzaleentzat eta baserritarrentzat sortu zuen, haiei laguntzeko. Lehenengo-lehenengo etxean jarri zuen irratia. Elgoibarko Urkiola baserrian jaiotako abadeak gerratean ikasi ei zituen irratiaren inguruko kontu teknikoak. Halaxe azaltzen du makina bat urtean Arrateko Abadetxeko zerbitzaria izan zen Maritxu Olarrak ahotsak.com-en, Euskal Herriko ahozko ondarea bildu eta hedatzen duen webgunean. Arrate Irratiak hasieratik arrakasta ikaragarria lortu zuen, gainera, bere euskara hutsezko programazioarekin eta musikarekin. 1964an, baina, itxi egin zuten orduko agintariek. Garai latzak izanik, behin baino gehiagotan sortu ziran oztopoak eta salaketak, eta sortu eta lau urtera, orduko agintariek itxi egin zuten. Hamalau urtez itxita egon eta gero, 1978ko uztailean hasi ziren berriro FMn emitzen, Arrate Irratia elkartea sortu ostean, baina ez zuen luzaro iraun. Lau hilabetez egon zen emititzen, eta gero lau urte egin zituen isilik, itxita. Azkenik, 1982an zabaldu zuten berriro, eta gaur arte. Gaur egun, entzule asko ditu Arrate Irratiak, bereziki Gipuzkoan eta Bizkaian.

1706637973212 Arrate Irratiaren frekuentzia eskaera baztertu egin du Eusko Jaurlaritzak

Duela bi urte, berrogeita hamar urte bete ziren Pedro Gorostidik Arrate Irratia sortu zuenetik, eta aitzaki hori baliatuta, Aubixako Maritxu Loiola eta Elgoibarren bizi den Asier Orbea elkarrizketatu zituen BARRENek. Elgoibarko berriemailea izan da Maritxu urte askoan, eta kirol estari moduan ari da azkeneko urteotan Asier Orbea. (Irakurri hemen: BARREN 725. Zenbakia/PDF)

Lotura duten albisteak: