Espainiako etxegintzaren boom delakoaren barruan eraiki zen Valdeluz urbanizazioa, Guadalajara hiritik bost kilometrora. Aurreikuspenen arabera, 9.500 etxebizitza eraiki behar zituzten eta 30.000 biztanle biziko ziren han, baina Etxegintza burbuilaren eztandaren ostean, 2.400 etxebizitza soilik egin zituzten. Gaur egun 3.000 lagun bizi dira urbanizazioan. Yebes herriko urbanizazioa izan arren, herritik hamar kilometrora dago, lautada huts batean eraiki zuten-eta. AVE trenaren geltokitik oso hurbil zegoela izan zen Reyal Urbis eraikuntza enpresak jendea hara bizitzera joateko erabili zuen amuetako bat, 2004an lehen etxeak eraikitzen hasi zirenean. Gaur egun hartzekodunen konkurtsora jotzeko zorian dago higiezinen sektoreko enpresa indartsuenetakoa izan zena.
Valdeluzen bizi diren lagunak saldu zieten ametsetik oso hurrun bizi dira. Padel pistak eta klimazitatutako igerilekuak zituzten urbanizazioan bizi behar zuten 30.000 lagunek. Gainera, AVE trenari esker, hamabost minutuan Madrilera iristeko aukera izango zuten. Hiriburu jendetsuan lan egiten zutenek inguruan eraiki behar zituzten golf zelaietan atseden hartu eta aisialdiaz gozatzeko aukera izango zutela ere esan zieten. Errealitatea, baina, oso bestelakoa da: Batetik, orube eta etxe huts ugari daude, eta, bestetik, AVE trenaren geltokia apenas erabiltzen duten bidaiariek. Hara iristeko valdeluzetik abiatu behar zuten lanzaderen berririk ere ez dago. Yebeseko alkate Joaquin Ormazabal ere Valdeluz urbanizazioan bizi da -hango auzo elkarteko presidentea ere izan zen-. Valdeluz ez dela hiri bat eta ez dela hala balitz moduan epaitu behar esan du Ormazabalek El Pais egunkariari egin dizkion adierazpenetan. “Etxebizitzak merkeago eskuratu ahal izan dituzten bizilagunak erakartzeko balio izan du Valdeluzek. Baliteke hasierako ametsa bertan behera geratu izana. Alabaina, orain, hona bizitzera etorri direnen ametsak gauzatzen ahalegindu behar dugu”, argitu du Yebes-Valdeluzeko alkate elgoibartarrak.
Valdeluzen bi logelako etxebizitza bat 200.000 eurotan erosi zuten zenbait bizilagunek; 70.00 eurotan saltzen ari dira orain.
- Irakurri osorik El Pais egunkariak argitaratutako artikulua: Vivir en una ciudad a medias (elpais.com)
*Argazkia: elpais.com