2013rako zergak %3,7 igoko ditu Mendaroko Udalak

elgoibarren.net 2012ko aza. 7a, 17:46

 
Datorren urterako zergak %3,7 igotzea erabaki zuen atzo (azaroak 6) Mendaroko Udalbatzaren osoko bilkurak. Urtebeteko inflazioa hartu dute kontuan horretarako, baina abuztutik abuztura artekoa barik abuztutik irailera artekoa, “irailean BEZa igo zuelako Espainiako Gobernuak”.
Era berean, Elgoibarren, 2013rako Udalaren tasa eta zerga gehienak 3,4 igotzea onartu zuten orain bi aste.


 Onartutako aldaketa handiena, baina, zaborraren zergaren kudeaketaren ingurukoa da. Debabarrenako Mankomunitateak %4,58 igo du zaborraren gaineko zerga, baina %3,7ko igoera aplikatzea onartu du Mendaroko Udalak, horretarako gastu administratiboak murriztuta. Hau da, orain arte, zerga hori urtean lau zatitan kobratzen zitzaien herritarrei, baina gastu administratiboak erdira ekartzeko, datorren urtean lau zatitan barik birritan kobratuko zaie.

Errekargu “sinbolikoa” ohiko bizilekuak ez diren etxebizitzengatik
 Ohiko bizilekuak ez diren etxebizitzen kasuan, berriz, Udalak OHZ Ondasun Higiezinen gaineko Zerga %10 errekargatuko du. Uztailean, udalei OHZ Ondasun Higiezinen gaineko Zerga errekargatzeko aukera emango dien foru araua onartu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusiek. PSE-EEren babesari esker atera zen aurrera Bilduren gobernuaren ekimena. Horrek aukera ematen die udalei ohiko etxebizitzak ez direnen OHZri %150eko errekargua ezartzeko. Salbuespen batzuk ere ezartzen ditu arau horrek, baina Mendaroko Udalak erabaki du, Mendaron errekargua “sinbolikoa” izatea, “azken batean oso gutxi direlako bigarren etxebizitza gisa erabiltzen diren etxebizitzak.