'Zuloak' filmaren emanaldiarekin hasiko da gaur Ongarriren zine ziklo berria

elgoibarren.net 2012ko aza. 8a, 11:13

 
Zuloak dokumentala eskainiko du Ongarri zine klubak gaur (azaroak 8) iluntzeko zine emanaldian (19:30). Arnaldo askatu, politika askatu herri ekimenarekin elkarlanean antolatu du emanaldia Ongarrik, eta Fermin Muguruza filmaren zuzendaria etorriko da Elgoibarrera errealitatea eta fikzioa nahasten dituen dokumentala aurkeztera.

 
 

  Hona hemen Zuloak filmaren sinopsia: Bilboko Unibertsitateko Arte Ederretako ikasle batek, Arrate Rodriguezek, bere fakultateko bi neskak elektro-rock banda bat sortu nahi dutela jakingo du, eta laster hainbat proposamen estetiko, ekintza eta propagandako jarduera iradokiko dizkie. Ondorioz, taldeko ezinbesteko pieza bilakatuko da, kamera beti eskuan duela, proiektua gauzatzeko egiten dituzten mugimendu guztiak jasotzeko prest. Arratek taldeko beste kide bat nola aukeratuko duten kontatuko digu, baita hainbat gairi buruz kideen artean dituzten eztabaidak ere, eta zer ikuspegi eman nahi duten gai horiei buruz beren abestietan. Eztabaida horien artean sexua, munduko egungo egoera, globalizaturiko tribuak eta estiloak, abesteko hizkuntza bat aukeratzea, gorroto duten gizarte bateko zutabe nagusiak (familia esaterako), eta gizartea kontrolatzeko sistemak eta tankerako beste gai batzuk aurkituko ditugu.
•Dokumental faltsuak protagonista azaroan
Ongarri zine klubak dokumental faltsuetan oinarritutako zikloa antolatu du azarorako. Aipatu moduan, Zuloak filmak hasiko du zikloa gaur. Datorren astean, berriz, Take Shelter filma eskainiko dute, Amerikako Estatu Batuetako lautadetan horren ohikoak diren tornadoen ingurukoa da filma. Azaroaren 22an Carmina o Revienta filma eskainiko dute. Aida telesaileko Paco Leon antzezleak zuzendutakoa da filma eta bere ama da protagonista nagusia. Azkenik azaroaren 29an, Shame filma emango dute, sexuarekiko menpekotasuna lantzen duen filma.

•Ongarri Zine Klubak azaroan eskainiko dituen emanaldiak:
  • Azaroak 8, 19:30ean: "Zuloak"
  • Azaroak 15, 21:30ean: "Take Shelter” 
  • Azaroak 22, 21:30ean: "Carmina o revienta” 
  • Azaroak 29, 21:30ean: "Shame”

*Goiko argazkia: sansebastianfestival.com