Elgoibarko bandera haga erdian jarrita egongo da zapatuan, eta udal ordezkariek lore sorta bat jarriko dute Giza Eskubideen parkean dagoen Gernikako arbolaren urtadarraren babesean. 12:00etan hasiko da ekitaldia.
2010ean, “terrorismoaren biktimen oroimenerako eta omenaldirako” Memoriaren Eguna izendatu zuen Eusko Legebiltzarrak azaroaren 10a. Elgoibarko Udalak bat egin zuen Jaurlaritzak adostu zuen adierazpen instituzionalarekin, Bozeramaileen Batzordeak 2010eko azaroaren 4an egin zuen bileran, hain justu ere. Honenbestez, Elgoibarko Udalak azken bi urteetan (2010 eta 2011) ospatu du Memoriaren Eguna azaroaren 10ean, eta aurten ere gogoan izango dituzte biktimak.
•Bizikidetzaren eta memoriaren inguruko proiektua
Elgoibar bakea eraikitzen herri mailako programa jarri zuen abian Elgoibarko Udalak, joan den maiatzean. Elgoibarko Udalak, Arantzazu Baketik Fundazioak eta Lokarrik elkarlanean sustatutako egitasmoaren helburua, Elgoibartik herri honetan eta euskal gizarte osoan bizikidetza eta berradiskidetze-kultura sustatzen laguntzea da. Horretarako, elkarrizketa prozesu bat bideratu nahi dute, herritarren partaidetzarekin. “Hamarkada askotan egin diren giza-eskubideen urraketek izan dituzten ondorioak gainditzen lagunduko duten ekarpenak jaso nahi ditugu”, adierazi du Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak. Sustatzaileek aditzera eman dutenez, abenduan ekingo diote berriz egitasmoari, eta 2013ko martxorako bukatuta egotea espero dutela jakinarazi dute.
∞Lotura duten albisteak:
- Eguenean aurkeztuko dute jendaurrean “Elgoibar bakea eraikitzen’ egitasmoa (2012-05-16)
- ‘Elgoibar bakea eraikitzen’ ekimena bultzatuko du Elgoibarko Udalak (2012-04-20)
- Indarkeriaren "biktima guztiak" gogoratu ditu Udalak Memoriaren Egunean (2011-11-10)
- Biktimak gogoan izan dituzte Memoriaren Egunean (2010-11-10)