Elgoibarko Kultura Sailak antolatuta, 'Su Txikian' antzezlanaren bi saio izango dira Herriko Antzokian: 20:00etan (gaztelaniaz) eta 22:15etan (euskaraz). Elgoibarko Txillarre baserrian Arnaldo Otegik eta Jesus Egigurenek Pello Rubioren konpainian izandako solasaldietatik hasi eta Loiolako hiru aldeko elkarrizketetarainoko pasarteak antzeztuko dituzte, Osloko eta Genevako hoteletan ETAko solaskideek Espainiako Gobernuko ordezkariekin izandako hartu-emanetan barrena ibiliz.
Ukitu dramatikoko antzezlan dokumentala dela aurreratu dute protagonistek. 90 minutu inguruko saioa da, eta sarrerak bederatzi euroan jarri dituzte salgai (Gazte txarteldunentzat sei euroan). Imanol Murua Uria kazetariaren Loiolako hegiak eta Jesus Egiguren PSE-EEko presidentearen ETA. Las claves de la paz liburuak oinarri hartuta ekin zion Galder Perez zuzendariak antzezlana idazteari, baina, orain, "osatu eta biribildu" egin dutela adierazi du, Fermin Munarriz kazetariak Arnaldo Otegiri eginiko elkarrizketa liburua (El tiempo de las luces) argitaratu ondotik.
Aktoreen artean aurpegi ezagun asko daude: Libe Aramburu (Olatz Dañobeitiaren paperean), Martxelo Rubio (Josu Jon Imazenean), Joxemari Carrere (Jesus Egigurenean), Ugaitz Alegria (Iñigo Urkullunean), Mañu Elizondo (Rodolfo Aresenean) eta Gabriel Ocina (Arnaldo Otegirenean).
Informazio osoagoa: glugluproducciones.eu
- Sarrerak: Antzezlana ikustera Herriko Antzokira joan nahi duten pertsonek aldez aurretik erosi ahal izango dituzte sarrerak Servikutxaren kutxazainetan, www.kutxa.net webgunearen bidez edo 943 001 200 telefono zenbakira deituta. Aurrez saltzen ez diren sarrerak, berriz, Herriko Antzokian jarriko dira salgai, ikuskizuna eskainiko den egun berean.