Alberto Revuelta: "Okerrik ezean, Behobia-Donostiako podiumera igotzeko aukera izango dut”

elgoibarren.net 2012ko aza. 13a, 11:54

Juan Mugertza korrikalari elgoibartar ospetsuak irabazi zuen estreinako Behobia-Donostia lasterketa, 1919an, 1:17:50 denborarekin. Ia ehun urte eta 47 edizio beranduago balentria hari gehien hurbildu zaion elgoibartarra izan da Alberto Revuelta. Domekan bosgarren egin zuen lasterketa entzutetsuan, 1:03:30 denborarekin. Denboraldiko helburu nagusitzak zuen Behobia-Donostia, eta prestaketa ezin hobea egin eta gero –Donostiako 15 kilometroko lasterketa irabazi zuen-, aurkeztu zen Behobian. Eginiko lasterketak, baina, sentsazio gazi-gozoak laga dizkio biharamunean. (elkarrizketa dauka)


-Bosgarren postuan amaitu zenuen Behobia-Donostia, 1:03:30 denborarekin. Gustura egindako lasterketarekin?
  Erdizka geratu nintzen. Pozik denbora oso ona egin nuelako. Hain pozik ez, aurreko astean izan nuen urdaileko birusaren eraginik gabe hobeto egin nezakeela uste dudalako. Ahulduta laga ninduen birusak eta, batez ere, azken zatian igarri nuen nekea. Podiumera igotzeko atarian geratzeak amorrua eman zidan, aurten lehen hiruren artean sailkatzeko prestatuta nengoela uste dut-eta.

-Zein zen aurrez jarrita zeneukan helburua?

Alberto Revueltak irabazi zuen 2012ko Donostiako 15 kilometroko lasterketa.

Ordubete eta lau minututik jaistea zen nire helburua. Bai, badakit minutu erdian jaitsi dudala helburu gisa jarri nuen denbora. Aurretik jartzen diren helburu horiek oso kontserbadoreak izaten dira baina. Sinistuta nago egin dudan denbora baino hobea egin nezakeela. Hala eta guztiz, balioa ematen diot izan dudan abantzuari. Izan ere, atletismoa zortzi urtez lagata egon ostean, iaz itzuli nintzen lehiaketetara. Eta, asko aurreratu dut urtebetean. Iaz, esaterako, 20. postuan sailkatu nintzen Behobia Donostia lasterketan, 1:07:28 denbora eginda.

-Hortaz, hurrengo urtean Behobia-Donostia lasterketan berriz ahalegintzeko gogoz eta indarrez ikusten duzu zure burua.
  Okerrik ezean, Behobia-Donostiako podiumea igotzeko aukera izango dudala uste dut. Aurtengoak borroka horretan aukerak ditudala erakutsi dit. Entrenatzen jarraitzeko motibazio handiagoa dut orain.

-38 urterekin sasoi betean zaude.
  Bai. Gozatzeko helburuarekin itzuli nintzen iaz lehiaketetara, baina hilabeteak pasa ahala gero eta hobeto nagoela igartzen dut, eta, ondorioz, nire buruari jarri ahal dizkiodan erronkak ere gero eta handiagoak dira. Ricardo Jimenez nire entrenatzailearen arabera, maila ona eman dezaket oraindik, hiruzpalau urtean. Era berean, lortu dudan sasoi puntua ez da oharkabean pasa. Nire kirol bizitzan sekula pasa ez zaidana gertatu berri zait: Behobiako babesle den Adidas kirol etxekoak nirekin harremanetan jarri direla, alegia. Ilusioa egin dit, oraindik ezer zehaztu ez dugun arren.

-Zein dira datozen urteetarako dituzun helburuak?
  Hiru helburu nagusi nituen txapelketetara itzuli nintzenean. Lehena, Behobia-Donostiako podiumera igotzea da. Urte asko pasa dira euskaldun bat podiumera azkenengoz igo zenetik. Ilusio berezia egingo lidake nire izena Behobiaren historialean ikusteak. Beste bi helburuak argi dauzkat, alabaina nahiago dut ozen ez adieraztea. Emango ditut jakitera, gauza bakoitza bere orduan.

-Helburu horien artean dago, beharbada, distantzia luzeagoetan aritzea, maratoietan, esaterako?

Alberto Revuelta, taldetik tiraka, Mintxetako kirol gunearen inaugurazioan egin zen lasterketan (1993-11-08)

Maratoi erdietan maila ona eman dezakedala ikusi dut. Aldiz, izan ditudan lesioekin, zalantzak ditut maratoiak aproposak diren niretzako. Oraindik ere kontu handiz ibili behar izaten dut entrenamenduetan. 25 urterekin laga nuen atletismoa, belauneko lesio batengatik. Hiru urteren ostean itzuli nintzen berriz, baina beste lesio batek eragotzi zidan jarraitzea. Hurrengo urteetan ez nion korrika egiteari guztiz laga, eta zenbait Behobiatan ere irten nintzen lagunekin, erlojuaren kontra lehiatzeko asmorik gabe. Denbora tarte luze batean atletismoa lagata eduki izanak mesede egngo dit datozen urteetan, fresko eta gogoz sentitzen nahiz eta.
 
Lotura duten albisteak:
*Argazkiak: Diario Vasco, Txema Valles eta Santi Maiztegi.