Joseba Etxeberria omenduko du C.D. Elgoibarrek abenduaren 22an

elgoibarren.net 2012ko aza. 13a, 17:49

 
Joseba Etxeberria omenduko du Klub Deportibo Elgoibarrek, abenduaren 22an, futbol jokalari ohiaren ibilbide profesionala goraipatzeko, eta Athleticek fitxatu zuenean CD Elgoibarrek jaso zuen diru kopuruagatik eskerrak emateko. Omenaldia borobiltzeko, C.D. Elgoibarko eta Athleticeko beteranoek elkarren aurka jokatuko dute Mintxetan.


Ibilbide oparoa
  Joseba Etxeberria C.D. Elgoibarren hasi zen futbolean. Aita eta aitona ere futbolariak izan ziren, eta umetatik bizi izan du futbola. Berehala erakutsi zituen futbolerako doaiak, eta Realak fitxatu zuen infantiletan. 17 urterekin egin zuen debuta talde nagusian. Horrez gain, Espainiako Selekzioarekin urrezko bota jaso zuen 1995ean, 20 urtez azpikoetan, Qatarreko Mundialean. Uda hartan bertan, 550 milioi pezeta ordaindu zizkion Atlhetic-ek Realari, eta Joseba Etxeberria fitxatu zuen talde zuri-gorriak. Diru horren %10 jaso zuen C.D. Elgoibarrek.
  Polemikaz beteriko fitxaketa izan zen Etxeberriarena, eta Realaren eta Athletic-en arteko harremanak eten egin ziren. Hamabost denboraldi egin zituen Etxeberriak Atlhetic-en, eta 514 partida jokatu zituen elastiko zuri-gorriarekin. 104 gol sartu zituen Athletic-ekin eta hamabi Espainiako selekzioarekin. 2010ean laga zion Joseba Etxeberriak futbolari profesional izateari.

Mintxetako lehen gola
 C.D. Elgoibarrek Joseba Etxeberriari antolatu dion omenaldia 16:00etan hasiko da Mintxetatako futbol zelaian. Lotura berezia du Etxeberriak Mintxetarekin, berak sartu zuen-eta estreinako gola Mintxetako kirol gunea inauguratu zuten egunean, 1993an. Familiako kontua izango da, Josebaren aitonak sartu zuen-eta Eibarko Ipurua futbol zelaian sartu zen lehen gol ofiziala.