GARE irratizale elkartea: 20 urte uhin artean nabigatzen

elgoibarren.net 2012ko aza. 15a, 16:07

Elgoibarren irratizaletasuna sustatzeko sortu zuten GARE irratizale elkartea, 1992an. 20. urteurrenaren harira, hainbat ekitaldi antolatu dituzte astebururako: Irratizaletasunari buruzko hiru hitzaldi eskainiko dituzte, irrati aktibazio berezia egingo dute Kultur Etxetik, eta sotoan irrati klasikoen erakusketa jarriko dute. 50, 60 eta 70eko hamarkadetako aparatuak ikusteko aukera egongo da, eta baita, Bigarren Mundu Gerrako tanke amerikar bateko emisora bat eta etxean eginiko irratiak. David Mekolalde GAREko kidearekin berba egin dugu taldearen ibilbideaz. (elkarrizketa dauka)


 GARE-EA2RKW irratizale elkarteak antolatu dituen ekitaldi guztiak irekiak dira, eta edonork hartu dezake parte. Zapatuan (azaroak 17) 16:00etan hasiko dira ekitaldiak, eta domekan, 10:00etan. Elgoibarren irratizaletasuna sustatzeko sortu zuten GARE elkartea orain dela hogei urte. 25 bat lagunek ekin zioten lanari, eta gaur egun, hamar bat kide ditu elkarteak. Horietako bat da David Mekolalde. Azken hogei urteetako ibilbidearen berri eman digu ondorengo elkarrizketan:

1706637959691 GARE irratizale elkartea: 20 urte uhin artean nabigatzen

1706637959786 GARE irratizale elkartea: 20 urte uhin artean nabigatzen

-GARE irratizale elkarteak 20 urte egin ditu. Nola eta zertarako sortu zenuten taldea?
 Elgoibarren irratizaletasuna sustatzeko batu ginen, elkartuta indar handiagoa izango genuela-eta. Sasoi hartan, 90. hamarkadaren hasieran, inguruko ia herri guztietan ari ziren sortzen irratizale elkarteak. Era berean, gure herrian egiten ziren hainbat ekintzetan laguntza eskaini genezakeela ikusi genuen, hala nola, komunikazio lanak zuzentzen, kirol eta kultur ekintzetan, ezbeharretan, e.a. Azken horren inguruan esan, larrialdi kasuetan, lizentzia duen irratizale oro dagoela laguntza ematera behartuta.

-Zenbat kide ditu GAREk?
 Gaur egun hamar bat lagunek osatzen dugu GARE, nahiz eta elkartearen historian 25 bat lagun pasako ziren elkartetik.

-Egiguzu hogei urteotako lanaren balorazioa.
 Indartsu hasi ginen irratizaletasunarekin zerikusia zuten ekintzak burutzen. Mendizale elgoibartar asko oroituko da gutaz, urtero joaten ginen-eta asteburu bat pasatzera Karakate edo Irukurutzeta ingurura, kanpin denda handi bat hartuta. 1996an, berriz, Kilometroak jaia egin zen Elgoibarren, eta erronka bota zigun Elgoibar Ikastolak: Kilometroetako barne komunikazioa antolatzea eta koordinatzea. Eguraldi eskaxa egin zuen domeka hartan, baina gure taldeak ez zuen emandako arduran hutsik egin. Handik aurrera, herriko beste zenbait eragile eta talderekin elkarlanean hasi ginen. Guretzako zaletasuna zena, tresna baliogarria zen beste hainbatentzat. Hala, Nazioarteko Juan Mugertza krosa, Jose Gurrutxaga haur krosa, Trinitateetako danborrada, Azkarateko igoera eta antzerako beste hainbat ekitalditan eskaini izan dugu gure laguntza makina bat urtean. Dena dela, aitortu behar dut, motelaldia bizi izan dugula zenbait urtez, eta horren lekuko da GARE-EILT elkarteak  antolatutako ekintzak gutxitu egin direla azken urteetan. Zorionez, berreskuratu dugu irratizaletasunarekiko griña, eta ilusioz antolatu ditugu elkartearen 20. urteurrena ospatzeko jardunaldiak. Horrenbeste maite dugun zaletasuna ezagutzera ematea da gure asmoa. Pozik egoteko motiboak ere baditugu, jardunean jarraitzen duten irratizale elkarte bakarretakoa gara-eta.

-Zer da irratizaletasuna?
 Irratia eta irratiaren inguruan dagoen teknologia gustuko dugun lagunen zaletasun da. Alor ezberdinak batzen ditu eta norberak aukeratzen du bere gustukoena. Batzuri irratia entzuteko bakarrik gustatzen zaie, munduko bazter guztietako irratizaleekin kontaktuak egitea beste batzuei, eta, badaude emisioak egiteko erabiltzen ditugun antenak diseinatu eta egitea gogoko dutenak ere. Aurrekoez gain, lehiaketetan parte hartzeko aukera ere badago, edo QLS hizketaldiekin bildumak egitekoa, bestela. Azkenik, Morse kodearen bidez komunikatzea gustuko duten irratizaleak ere badaude. Teknologian oinarrituta dauden gauza guztiak bezala, irratia eta irratizaletasuna asko aldatu eta aurreratu dira. Interneten aroan bizi garen arren, elkar komunikatzeko modu erraz eta efektibioa izaten jarraitzen du eta komunikatzeko beste modu batzuek huts eginez gero, irrati uhinak dira oraindik eraginkorrenetakoak.

1706637959851 GARE irratizale elkartea: 20 urte uhin artean nabigatzen

1706637959950 GARE irratizale elkartea: 20 urte uhin artean nabigatzen

-Nondik emititu izan duzue? eta nongo jendearekin lortu dituzue harremanak?
 Elgoibarko txoko askotan kokatu izan ditugu gure antenak: Karakate, Irukurutzeta, Atxolin, Kalamua, Idotorbeko eta Azkueko baselizak, e.a. Elgoibartik kanpo, berriz, Aralarreko San Migelen, Urbasako lautadan, Bardena Errealetan... Gure inguruko zein mundu osoko lagunekin lortu dugu kontaktuak egitea, eta horri esker lagun oso onak egin ditugu.
  • Irakurri BARREN astekariak GARE irratizale elkarteari 1998an eskaini zion erreportajea (PDF).