Oinez edo antxitxika, denak Karakatera

elgoibarren.net 2012ko aza. 16a, 11:06

Karakateko Igoera 2011 Egilea: elgoibarren.net

Bihar jokatuko dute Karakateko Igoera, goizeko 11:00etatik aurrera. Partaideak Kalegoen plazatik irtengo dira, eta Karakatera arte, 710 metroko desnibela gainditu beharko dute. Oier Ariznabareta durangarrak irabazi du azken bi urteetan Karakateko igoera. Gainera, 28:17 denborarekin, 43 segundoan ondu zuen iaz probako errekorra (ikus Ariznabarretari eginiko elkarrizketaren bideoa). Era berean, Karakateko igoeraren harira, Karakatera mendi irteera antolatu du Morkaikok biharko. Adin guztietako lagunentzako irteera prestatu dute, eta beraz, nahi duen guztiak hartu dezake parte.


Iñigo Larizek elgoibartar batek sekula egin duen denborarik onena (29:05) egin zuen 2011n.

Bidea ez dago markatuta, eta horixe da hain zuzen ere Karakateko Igoeraren xarma: Kalegoen plazatik Karakatera arteko bidea norberak aukeratu dezake. Interesatuek 10:00etatik aurrera eman dezakete izena, irteeran bertan. Sekula baino parte hartzaile gehiago izan zituen iaz probak, 88 lagun hain zuzen ere. Aurten ere antzerako partaidetza espero dutela jakinarazi dute Morkaikoko kideek. Aurten ere, igoerako azken metroak aurpegirik onenarekin egiten dituen parte hartzaileak gazta bat jasoko du saritzat. Elgoibarko lehhenengo gizonezko eta emakumezkoak ere jasoko dute saria.
Mendi irteera
 Karakateko igoeraren harira, Karakatera mendi irteera antolatu du Morkaikok biharko. Adin guztietako lagunentzako irteera prestatu dute, eta beraz, nahi duen guztiak hartu dezake parte. 9:00etan irtengo dira Kalegoen plazatik, eta oinez egingo dute Karakatera arteko bidea.