Iñigo Larizek irabazi du Karakateko igoera eta errekorretik hiru segundora geratu da

elgoibarren.net 2012ko aza. 17a, 15:40

{vimeo}53737876{/vimeo}Iñigo Larizek 28 minutu eta 20 segundoan egin du Karakateko Igoera, hau da, iaz Oier Ariznabarretak ezarri zuen errekorretik (28:17) hiru segundo eskasera geratu da antxitxikari elgoibartarra. Errekorra parte hartzaile kopuruan egon da, sekula baino lagun gehiagok egin dute-eta igoera: 95 lagunek. Nerea Amilibia aiarra izan da lehen emakumezkoa, 37:02 denborarekin. (bideoa, argazkiak eta sailkapena dauzka)


 Ikusleak baino parte hartzaile gehiago zeuden ia Kalegoen Plazan, Karakateko Igoeran parte hartzeko izena eman duten 99 lagunek irteera hartu duten unean, goizeko 11:00etan puntuan. Kalegoen plazako frontoiaren frontisetik irten eta Karakatera arte, 710 metroko desnibela gainditzeko 28 minutu eta hogei segundo behar izan ditu Iñigo Larizek. Bera izan da tontorrera iristen lehena. Orain bost urte, 2007an, ere irabazi zuen Larizek Karakateko Igoera. Orduan egin zuen denbora (31:32) hiru minutuan ondu du, ordea, oraingoan. Iaz egin zuen bere markarik onena (29:05) ere dezente hobetu du. Garaipena berea zela argi bazuen ere, azken metroak ziztu bizian egin ditu Larizek, aurkaririk ezean kronometroarekin zuen-eta borroka. Pozez lehertu da, baina, igoeraren amaiera adierazten duen bertizea ukitu eta soinean zeraman kronometroari begiratu dionean. Irabazteagatik baino gehiago, egin duen denborarekin zegoen gustura. Tontorrera iritsi denean errekorra ondu duela sinestarazi diote zenbait ikuslek, baina hiru segundora geratu da azkenean.
  Kortezubiko Julen Aranguena sailkatu da bigarren postuan. Hau ere ordu-erdiaz azpitik ibili da, 29:37 denborarekin; baina irabazlearengandik urrun, minutu eta hamazazpi segundoko aldea atera dio-eta Larizek. Ñatxituako Imanol Goñi sailkatu da hirugarren (30:30). Emakumezkoetan, Nerea Amilibia izan da azkarrena eta Ainhoa Lendinez lehen emakumezko elgoibartarra. Aurpegi onenarekin azken metroak egiten dituen parte hartzailea ere saritzen du Morkaikok, gazta batekin, hauin justu ere, baina sari hori ez ematea eta Jose Maria Alberdi saritzea erabaki dute. 81 urteak beteta dituen arren, Patxi semearekin batera egin du Karakateko Igoera Jose Marik azken urteetan, eta aurten ere ez dute etorri dira.