Eskubaloia umeen artean sustatzeko hainbat ekintza antolatu ditu Sanlok

elgoibarren.net 2012ko aza. 20a, 14:38

Elgoibar, Mendaro eta Debako gaztetxoen artean eskubaloia sustatzen dihardu Sanlo eskubaloi taldeak azken urteetan, eta aurten ere ahaleginduko dira umeen artean kirol zaletasuna, bereziki eskubaloiarekiko, bultzatzen eta zabaltzen. Horretarako hainbat ekintza antolatu dituzte, gabon bueltarako.


Ikastetxeetara bisita
 Hasteko, datozen egunetan, Elgoibarko Herri Eskolara eta Elgoibar Ikastolara egingo dute bisita Sanlo EKTko ordezkariek: Juanma Lopez, Alcorta Forging Group senior gizonezkoen taldeko entrenatzaileak, Gojko Vucinic, senior taldeko jokalaria eta Sanloko entrenatzaileak eta Ion Sanchez Eskubaloi Eskolako arduradunak. Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako ikasleekin batuko dira eta eskubaloiari buruzko hainbat azalpen emango dizkiete, zenbait bideo eta jolasen laguntzarekin. Abendurako eta gabonetarako prestatu dituzten ekintzen berri ere emango diete Sanlokoek. Hona antolatu dituzten ekintzak:
  • Abenduak 6 eta 7: Sanloko entrenatzaileekin entrenamenduak kiroldegian. Ariketak, jolasak eta partiduak egingo dituzte.
  • Urtarrilak 2 eta 3: Entrenatzaile ezagunekin teknifikazio entrenamenduak kiroldegian. Entrenatzaileak: Reyes Karrere eta Jose Ignacio Altube. Bera Bera taldeko entrenatzailea da Karrere. Ibilbide oparoa dauka eskubaloiaren munduan. Esaterako, Mar Sagunto Valentziako talde indartsua entrenatu zuen. Jose Ignacio Altuberen ibilbidea ere ez da nolanahikoa: Ereintza, Bidasoa, Atletico Madril eta mutilen Euskadiko selekzioa entrenatu ditu-eta, besteak beste. Une honetan Errenteriko Ereintza taldean dihardu lanean.
  • Urtarrilak 4: Bilboko Gabonetako Parkera (P.I.N.) irteera antolatu dute. Egun guztiko irteera izango da. Han, hainbat ekintzetan parte hartzeko aukeraz gain, eskubaloi txapelketa batean lehiatzeko modua izango dute izena emandakoek. 
  • Urtarrilak 5: Izena emandako partaideen arteko partiduak kiroldegian, 10:00etatik aurrera.
Izen ematea
  Sanlok antolatutako ekintzetan parte hartu nahi duten neska-mutilek Olaizaga kiroldegian eman behar dute izena, abenduaren 3a baino lehen. Astelehen, eguazten eta barixakuetan eman daiteke izena, 18:00etatik 19:00etara artean. Honako e-posta helbidera ere idatzi daiteke izena emateko: sanlolatxo@gmail.com. Kasu horretan, izen abizenak, jaioteguna, telefonoa eta e-posta zehaztu beharko dira. Interesatuek 15 euro ordaindu beharko dituzte. Prezioak antolatutako ekintza guztiak hartzen ditu barne.