Kontsumo iraunkorraren eta arduratsuaren hirugarren feria egingo dute zapatuan

elgoibarren.net 2012ko aza. 20a, 17:24

Hileko azken zapatuko feriarekin bat egingo du, aurten ere, Elgoibarko kontsumo iraunkorraren eta arduratsuaren feriak, datorren zapatuan, azaroaren 24an. Hirugarren ekinaldiko berrikuntza nagusiena, Belaustegi jatetxeko Josu Mugerzak eskainiko duen sukaldaritza tailerra izango da. Baserriko produktuek eskaintzen dituzten aukerak ezagutzera emateko pare bat errezeta prestatuko ditu sasoiko produktuekin. (errezetak dauzka)


  Bi pintxo prestatuko ditu Josu Mugerzak: Aza kurruskaria Idiazabal gaztarekin eta Barazki wok-a intxaur eta sagarrarekin. Sasoiko produktuen bidez gastronomia sustatu, eta bide batez, elikagai horiek gure osasunari dakarzkioten onuren berri eman nahi dute antolatzaileek sukaldaritza tailerrarekin. Guztira 500 pintxo egingo ditu Mugerzak. Herritarrek nola egiten dituen ikusteko aukera izango dute, eta baita pintxoak dastatzeko aukera ere. Horretarako, baina, ezinbestekoa izango da baserritarrek jarriko dituzten saltokietan erosketaren bat egitea. Erosketa bakoitzeko txartel bat eskuratuko da, eta, txartela pintxoengatik trukatzeko aukera izango da.
  Sabela betetzeko aukera gehiago ere izango da zapatuko ferian, Sanlo eskubaloi taldeak kudeatuko duen txosnan Muturra eta Kuiatxo izeneko pintxoak banatuko dituzte-eta. Horiek ere, Elgoibarko baserri eta harategietako produktuekin osatutako pintxoak izango dira.

Mota askotariko postuak

Elgoibarko kontsumo iraunkorraren eta arduratsuaren hirugarren feriako antolatzaileetako batzuk, ekimenaren aurkezpenean.

Gastronomiaz gain, baina, mota askotariko postuak jarriko dituzte Kontsumo iraunkorraren eta arduratsuaren ferian. Izan ere, aurreko bi urteetan moduan (ikusi hemen 2011ko feriako irudiak), norbanako, erakunde eta talde askoren parte hartzea edukiko du feriak: Udala, Debemen, Miski, Parrokiako misio taldea, eta, besteak beste, herriko ikastetxeena (Elgoibarko Herri Eskola, Arreiturre eta Meka institutuak, eta Elgoibar Ikastola). Horietako batzuk Lekueder parkean jarriko dituzte postuak, zapatu honetan (azaroak 24), 10:00etatik aurrera. Hala, Herri Eskolak, Arreiturre Institutuak eta Ikastolak bigarren eskuko produktuak salgai jarriko dituzte: Liburuak, jostailuak, imitaziozko bitxiak, apaingarriak eta antzerakoak.
 
Josu Mugerzaren errezetak:
AZA KURRUSKARIA IDIAZABAL GAZTAREKIN
Osagaiak:
  • 1 aza
  • 300 g irin
  • 2 baso esne
  • 6 arrautza oso
  • Oliba olioa (0,4º)
  • Gatza eta piperbeltza
NOLA EGIN?
  Osagai guztiak nahastu, eta denekin mousse homogeneo bat egingo dugu. Nahaskia gau osoan utziko dugu pausatzen. Ondoren, zartagin batean oliba olio ugari jarriko dugu berotzen (0,4º). Bitartean, bi goilaraz lagunduta, kenefak egin eta frijitu egingo ditugu, kurruskatsu gelditu arte. Bitsadera batekin atera eta, sukaldeko paperaren gainean utziko ditugu xukatzen. Azkenik, zerbitzatu egingo ditugu.

BARAZKI WOK-a INTXAUR ETA SAGARREKIN
Osagaiak:
  • Barazkiak: 1 aza, 1 porrua, 1 kuia, 1 alberjinia, perrexila, 1 brokolia, 1 azalorea, 2 azenarioa, 2 azatxoak, 1 patata, 2 berakatza, 2 tipula gorria, 2 tipula zuria, 2 piper berdea, 2 arbia, perretxikoak.
  • Olioa (0,4º)
  • 100g intxaurrak
  • 1 sagarra
  • 2 goiarakada eztia
  • Goiarakada soja
  • 1L ura
NOLA EGIN?
  Barazkiak juliana eran moztu eta egosi, “al dente” gelditu arte. Wok batean oliba olioa jarriko dugu, eta egositako barazkiak su bizian sueztituko ditugu. Sagarra eta intxaurrak gehituko ditugu, eta azkenik, soja eta eztia. Zerbitzatu.