Hekimen sortu da, Euskal Hedabideen Elkartea

elgoibarren.net 2012ko aza. 21a, 21:37

Bi urteko prozesu baten ostean, euskarazko hedabideen sektoreko 50 eragilek, tartean, BARREN aldizkariak, Hekimen, Euskal Hedabideen Elkartea sortu zuten atzo (azaroak 21) Donostian. Elkarteak euskara hutsezko hedabideen arteko elkarlana bideratzea, eta kanpoko eragileen aurrean solaskidetza bateratua eramatea ditu bere helburuen artean, beti ere euskal komunikazio esparrua indartzeko asmoz.


  Beti pentsatu izan da euskararen komunikazio esparrua txikia dela, ahula eta hauskorra. Eta bada, hein handi batean. Baina, aldi berean, asko gara eta pertsona askorengana iristen gara. 600 bat langile gara sektorean, eta ehunka mila pertsonara iristen gara.
Euskal Herri euskalduna nahi badugu, komunikabide esparru indartsua ezinbestekoa da. Administrazioa, hezkuntza eta hedabideak zutabe funtsezkoak dira hizkuntza garapenean. Besteak beste horretarako sortu da Hekimen, unibertsitateak, instituzioak eta hedabide publikoak bilduko dituen behatokia. Ikerketa jorratuko duen behatokia, teknologia berriak, audientzia eta beste hizkuntzetako esperientziak aztertuko dituena. Bizi dugun egoera gaitzari bakarrik baino elkarrekin hobeto erantzungo diotelakoan batu dira Hekimen barruan sartu diren eragileak.
  Donostiako Koldo Mitxelenan egin zuten aurkezpena atzo eguerdian, eta han aurkeztu dute zuzendaritza. Iban Arantzabal elgetarra,  Goienako zuzendari nagusia, izango da presidentea lehendabiziko urtean.

  Zuzendaritzak zortzi kide ditu: Argia, Berria, Euskal Irratiak, Gaur 8, Gazteberri, Hamaika Telebista, Tokikom eta Xaloa telebista.