Gizonezkoak astindu ederra hartu zuela aitortu dute udaltzaingoko iturriek. “Ia konorterik gabe aurkitu genuen, lurrean eserita. Itxura tamalgarria zuen. Euria ari zuen eta laguntzera jaitsi zen auzotar bat zuen ondoan, aterkiarekin babesa emanez. Lurrean makilak eta apurtutako botilen kristalak topatu genituen, ustez erasotzaileek erabilitakoak”.
Joan zen domeka goizaldean jazo zen gertaera, 05:00ak inguruan. Auzoko bat baino gehiago esnatu zen zaraten ondorioz. Lekuko zuzen batek elgoibarren.net-i azaldutakoaren arabera, berehala konturatu ziren ez zela borroka bat, lagun bati hainbaten artean ematen ari ziren astinaldia baizik. “Zenbait auzotar oihuka hasi ziren, jipoitzen ari ziren laguna bakean lagatzeko eskatuz, eta, udaltzaingora deitu zuten batzuek”, gaineratu du lekukoak. Dei bat baino gehiago jaso zituztela baieztatu du Javier Oñederra udaltzainburuak.
Ustezko erasotzaileek ihes egin zuten udaltzainen autoa ikusi oduko, baina denek ez zuten lortu ihes egitea. Une horretan, “momentuko larritasunaren ondorioz” udaltzainen autoak aparkatuta zegoen furgoneta bat kolpatu zuela ere azaldu du Oñederrak. Era berean, borroka bat dagoenean, salaketarik ezean, ezin dutela inor atxilotu azaldu du Udaltzainburuak. Horrelakoetan parte hartu duten lagunak identifikatzen dituzte. Kasu honetan, baina, biktima osasun zentro batera eraman eta mediku-partea egin zutenez, atestatua egin zuten udaltzainek.
Honenbestez, identifikatutako lagunek, tartean zenbait elgoibartar, justiziaren aurrean azaldu beharko dute gertatutakoa. “Epaileak atestatuari kasu egingo dio eta alde guztien bertsioak entzungo ditu. Hortik aurrera berak erabakiko du zer egin”.