HAPOak ez diela herritarren beharrei erantzuten salatu du Bilduk

elgoibarren.net 2012ko aza. 23a, 14:01

 
BilduElgoibarrek HAPOa ez dela erreala eta ez diela elgoibartarren beharrei erantzuten salatu du, gaur eguerdian eman duen prentsaurrekoan. Datorren ostegunean plenoan aztertuko dute HAPOaren gaia, eta Bilduk kontra bozkatuko du.



 HAPOaren bi aspektu nabarmendu ditu BilduElgoibarrek, eta horietan oinarrituta, HAPOari ezezkoa emango diote datorren asteko Osoko Bilkuran. Errealitatea eta HAPOaren arteko distantzia gero eta handiagoa dela adierazi du Jose Luis Ibartzabal BilduElgoibarko bozeramaileak, eta ez dituela "inundik inora" elgoibartarren beharrak asetzen gaineratu du. HAPOaren arabera, 2020rako Elgoibarko biztanleria %11n handituko da, eta hazkunde horri erantzuteko 1.276 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da. Bilduko kideek joan zen astean INEk prentsan ateratako datua ekarri dute gogora, eta haren arabera, Gipuzkoako biztanleria %7 txikiagoa izango da 2020an. Hortaz, BilduElgoibarrek uste du ez dela beharrezkoa horrenbeste etxebizitza eraikitzea.
 Era berean, HAPOak 300.000 metro koadro baino gehiago aurreikusten ditu industriguneetarako, eta hori "gehiegizkoa" dela adierazi du Ibartzabalek. Gaur egun industrigune asko "erdi hutsik" daudela, eta enpresa askok aurrera egiteko zailtasunak dituztela nabarmendu du Ibartzabalek, eta ondorioz, industriguneetarako hainbeste lur ez dela behar adierazi du.

 Elgoibarko HAPOak EAJren jarrera islatzen duela adierazi dute, eta amildegira eraman gaituzten banketxe eta enpresari handien aldeko plana dela salatu dute. Eredu desarrollistaren kontra agertu da Bildu.