Aurpegi berriak izango ditu nazioarteko xake txapelketak

elgoibarren.net 2012ko aza. 27a, 20:53

 
Elgoibarko XXII. Nazioarteko Xake txapelketa jokatuko da, abenduaren 11tik 17ra bitartean, udaletxeko pleno aretoan. Nazioarte mailako hamar xakelari arituko dira txapela irabazteko lehian, eta horietako bost estreinakoz etorriko dira Elgoibarrera. Azken bi urteetako irabazleak, Azer Mirzoevek, ez du hutsik egingo. Bai, ordea, txapelketa sei alditan irabazi duen Oleg Korneev errusiarrak, aurten ez baita etorriko. Jaime Santos, 16 urtez azpiko Espainiako txapeldunaren eta Paul Velten, Frantziako jubenil mailako txapeldunaren arteko lehia ere ikustekoa izango da.



Txapelketaren aurkezpena abenduaren 11n -13:00etan udaletxeko pleno aretoan- egingo badute ere, parte hartuko duten xakelarien izenak jakitera eman ditu Udal Kirol Patronatuak. Honako hauek dira: Azer Mirzoev (Azerbaijan), Viktor Moskalenko (Espainia), Aleksa Strikovic (Serbia), Cristian Cruz (Peru), Daniel Forcen (Espainia), Jaime Santos (Espainia), Patrice Etchegaray (Frantzia), Paul Velten (Frantzia), Iñigo Argandoña (Euskadi) eta David Astasio (Euskadi).

Udaletxeko pleno aretoan jokatuko dira partidak, abenduaren 11tik 17ra, 17:00etatiki aurrera.

Xake zaletuek aurpegi berriez gain, jokatzeko era desberdinak ikusteko aukera izango dute, bost parte hartzaile estreinakoz arituko baitira Elgoibarko txapelketan. Errepikatuko dutenen artean, Azerbaijango Azer Mirzoev xakelariaren izena aipatu behar da, bera baita azken bi ekinaldietako irabazlea -2006an ere berak jantzi zuen txapela-. Bada, baina, zaletuek faltan botako duten xakelaririk ere. Oleg Korneeven hutsunea izango da nabarmenena. Izan ere, jokalari errusiarrak pilatu ditu garaipen gehien. Sei alditan irabazi du Korneevek Elgoibarko Torneoa (1997, 2000, 2001, 2002, 2005 eta 2008 urteetan)
•Gazteak indarrean
  Gazte mailetan marka guztiak hausten ari diren bi xakelari gazte bertatik bertara jarraitzeko aukera izango da Elgoibarko txapelketaren beste erakargarrietako bat. Frantziarra da bat, Paul Velten, bere herrialdeko txapelduna jubeni mailan; eta, espainiarra bestea, Jaime Santos. Leongo xakelaria Espainiako txapelduna da 16 urtez azpikoetan eta, gainera, maila guztietan lortu du Espainiako txapeldun izatea.
Lotura duten albisteak: