Pilarreko egoitzaren proiektua geldi egotearen errua Diputazioari egotzi diote PPk eta PSE-EEk

elgoibarren.net 2012ko aza. 28a, 14:16

 
Elgoibarko PSE-EE eta PP alderdiek bat egin dute Gipuzkoako Foru Aldundia kritikatzeko garaian. Pilarreko zaharren egoitzaren proiektua geldi egotearen errua Gipuzkoako Diputazioko Bilduren gobernuarena dela salatu dute alderdi bateko zein besteko ordezkariek.



  Hala, Javi Nuñez Elgoibarko PPko zinegotziak ondorengo salaketa egin du: "Pilarreko proiektua geldi dago, eta are gehiago, ez dauka etorkizunik, Gipuzkoako Diputazioko Bilduren gobernuaren utzikeriagatik". "Kea saltzea" leporatu dio Bilduren gobernuari. "Krisia hartzen dute aitzakiatzat gizarte obra bat gelditzeko, baina egin nahi ez dutena ezkutatzeko aitzakia baino ez da hori", gaineratu du. Era berean, EAJri ere kargu hartu dio, "neurririk ez hartzeagatik". "Etxeberria jaunak nahiago du Bildu otzan eta esaneko bat izatea aldamenean, udal gobernua benetan proiektu hori babesten genuenokin osatzea baino".
  Ildo berean, Elgoibarko PSE-EE alderdiak Pilarreko zaharren egoitzaren proiektuari "lehentasunik ez ematea" leporatu dio Diputazioari. Elgoibarren zahar etxe bat eraikitzeko eskaera ez dela gaur goizeko kontua azaldu dute, "urte askoan" egin den eskaera, baizik. "Irtenbide bat eman behar diegu beste herrietako zahar etxeetara joan behar izan duten Elgoibarko edadetuei edo leku falta dela-eta itxaron zerrendetan daudenei", azaldu dute.
  Elgoibarko PSE-EEk aurreratu du mozio bat aurkeztuko duela azaroaren 29ko Udalbatzarraren Osoko Bilkuran, eta Elgoibarko Udalari eskatuko dio Gipuzkoako Foru Aldundiarekin "berehala" lotzeko akordioa gai honen inguruan. Sozialisten iritziz zaharren egoitza egiteko beharra "handia" da, eta Gipuzkoako zahartze maila Europako handienetakoa dela gogoratu dute. Gainera, horrelako azpiegituretan inbertsioa egiteak, lana eta aberastasuna sortzen dutela gaineratu dute, "eraikitze fasean lehenik eta baita gero ere".

  Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek Batzar Nagusietan egin zuen agerraldian emandako argudioak hizpide ditu, era berean, alderdi sozialistak. “Pilarreko egoitza eraikitzen hasteko esleituta zeuden 100.000 euroekin ezinezkoa zela inongo ekipamendurik sustatzea azaldu zuen Rodriguezek. Elgoibarko Udaleko talde sozialistok baieztapen hori gezurtatu nahi dugu. Gure iritziz, diru kopuru horrekin, gutxienez, lanak martxan jarri daitezke-eta. Gainera, Diputazioak diru kopuru hori nahikoa ez zela uste bazuen, hasieratik beharrezko diru partida zehaztu behar zuten”.
Lotura duten albisteak: