Hiri Antolamendurako Plan Nagusia onartu du Elgoibarko Udalak

elgoibarren.net 2012ko aza. 30a, 12:52

 
Hiri Antolamendurako Plan Nagusi berriaren behin betiko txostena onartu du Elgoibarko Udalbatzarrak, atzo egin zen Osoko Bilkuran. EAJ, PSE-EE eta PPren aldeko botoekin eta Bilduren aurkakoekin onartu zuten. 1992. urtetik indarrean zegoena ordezkatuko du Plan Nagusi berriak, eta datozen 10-15 urteetan indarrean egongo da.



  Orain lau urte hasitako prozesua amaitu zen atzoko Udalbatzarraren Osoko Bilkuran. Elgoibarko herriari buruzko arau subsidiarioen azken txostena 1992. urtekoa da, eta txosten hori eguneratzeko beharra ikusi zuten Udaleko arduradunek 2008an. Urte hartan hasi ziren datozen 10-15 urteetarako Plan Nagusia burutzen. Ordutik hona, hiru fase gainditu ditu: Aurrerapen txostena, Hasierako onarpen txostena eta, txostena arautzea eta onartzea.
  Hiri Antolamendurako Plan Nagusia udal lurraldea antolatzeko tresna da. Horren bitartez, lurzorua sailkatzen da, eta lurzoru mota bakoitzari dagokion araudia zehazten da. Horrekin batera, udalerriko ekipamendu sistemaren oinarrizko elementuak zehazten dira.

Lurzoru industrialaren berregokitzapena
  Plan Nagusi berrian jasota dagoenez, 99,5 hektarea izango ditu Elgoibarrek jarduera ekonomikoetarako. Horietatik 73,1 hiri lurzoruan daude, eta gainerako 26,2ak, etxebizitzetarako lurzoruan. Aurreko planarekin alderatuta, 15,9 hektarea, jarduera ekonomikoak egiteko lurzoru urbanizagarri berri gisa proposatzen direla adierazi du Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak. Industrialak ziren 16,8 hektarea, berriz, etxebizitzetarako lurzoru izango dira, edo gune libreentzako sistema orokorrera igaroko dira aurrerantzean. Honela azaldu du: "Ez da lurzoru industrial gehiago sortuko; aitzitik, lurzoru hau berregokitu egingo da, irizpide arrazionalagoak kontutan izanda".

Lantegiak galtzeko arriskua
  Industria sektoreak Elgoibarren duen indarra eta balioa azpimarratu ditu Etxeberriak, baina, aldi berean, arrakasta horrek bultzatuta, hainbat enpresak herritik joan behar izan dutela ere gogora ekarri du, lurzoru falta dela-eta. "Enpresak Gasteizera joan izanak kalteak ekarri zizkion Debabarrenari. Itziarko industriagunea eraiki ostean, enpresa garrantzitsuek alde egin zuten Elgoibartik. Albitzuri industriaguneari esker, baina, Elgoibarren gelditu ziren lurzoru premia larriak zituzten zenbait galdaragintza enpresa. Gaur egun, berriz ere lantegiak galtzeko arriskua daukagu, eta, dagoeneko gertatzen ari da galera hori. Eta, beharrizan horiei erantzungo dien lurzoru sailkaturik ez izatea da galera horren arrazoietako bat". Alkateak, Danobat Railways eta Bernardo Ecenarro enpresak jarri ditu adibidetzat: Bergarara joan zen lehena eta Azkoitira bigarrena; hazten jarraitzeko baldintzarik hemen topatzen ez ei zutela-eta. Etxeberriaren ustez, Elgoibarrek industria jarduerak eta enplegua sortzen jarraitzeko ahalmena duela aditzera eman nahi du horrek. "Horrexegatik, herrian sortzen den hazkundea eta aberastasuna bereganatzeko adinakoa izango den lurzoru sailkatua izan behar dugu. Hazkundea eta aberastasuna sortzen jarraitzeko, berriz, Elgoibarren mantendu behar ditugu enpresa garrantzitsuak, eta horretarako beharrezkoak diren zerbitzuak sortu. Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da lurzorua eskura izatea, nahiz eta epe motzean ez erabili. Alegia, beharrezkoa da lurzorua gordeta edukitzea, zaila eta luzea izan daitekeen xedapen-aldaketa baten zain egon behar ez izateko".
Industria, BPGren %58
  Industria sektoreak Elgoibarren duen indarraren berri ematen duten datuak adierazgarriak dira Etxeberriarentzat. "Industria Barne Produktu Gordinaren %58 da, eta 3.000 lan-hitzarmen inguru daude industria sektorean, eta horrek, sektoreak duen ahalmenaren eta indarraren berri ematen digu". Industriaren pisua ez dela gehiegizkoa uste du herriko agintariak. "Azken hiru hamarkadetako industriaren historia, eta gure eskualdeak, industriaren alorrean garatzeko duen aukera aztertuz gero, Elgoibarren eta Mallabian bakarrik sor daitezke industrialdeak, ez uharteak, prezio lehiakorrean". Elgoibarren, 11.000 biztanle izan arren, 27.500 biztanle dituen Eibarren baino lan hitzarmen gehiago daudela industria sektorean nabarmendu du, eta gure industriak enplegua eta jakintza sortzen dituela eskualdearentzat. Era berean, industria nagusiak eta laguntzaileak elkarren ondoan egon behar dutela defendatu du, hala ezean gure eskualdea "hustu" egingo dugula-eta. Alkatearen iritziz, autobidearen sarreratik gertu egotea, makina erremintaren alorreko enpresek behar dituzten eraikinak egitea, sarbideak erraztea eta "pisuzko" beste hainbat arrazoik azaltzen dute Irabaneta eta Arriaga lurzoru industrial bilakatzeko beharra. Era berean, HAPOren bitartez, ondokoa proposatzen dute: Elgoibar-Azkoitia errepidea eraiki zenera arte industriala zen lurzorua, berriro ere industriala izan dadila. Aitzitik, Salobente-Ermuaran bailan, lurzoru industrilekoak diren 90.000 metro koadro, landa-lur bihurtuko dira.