Bideo-inkesta: Zergatik bizi nahi duzu euskaraz?

elgoibarren.net 2012ko aza. 30a, 13:06

Kontseiluak deituta (Irakurri Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiakm idatzia/PDF), manifestazioa egingo da bihar, abenduak 1, Donostian ‘Euskaraz bizi nahi dut’ lelopean, eta Elgoibarko hainbat gizarte eragilek bat egin dute deialdi horrekin. Joan zen asteko BARRENeko alean atxikimendua adierazi zutenetako batzuei galdera egin diegu: Zergatik bizi nahi duzu euskaraz?
 Era berean, Hekimen, Euskal Hedabideen Elkarteak ere Kontseiluak deitu duen manifestazioan parte hartzera dei egin du (ikus agiria).


Euskaraz bizitzeko, euskarazko komunikabideak behar ditugu
Iban Arantzabal eta Iban Arregi, Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteko Zuzendaritza Batzordearen izenean*
 Larunbatean, abenduak 1, Euskaraz bizi nahi dugu leloa oihukatuko dugu euskaltzaleok Donostiako kaleetan. Euskaraz jarduten dugun hedabide ez publikoak batzen dituen HEKIMEN elkartearen izenean, Kontseiluak deitu duen  manifestazioan parte hartzera deitu nahi zaituztegu.
  Euskal Herri euskalduna nahi badugu, euskaraz bizi nahi badugu, komunikabide esparru indartsua izatea ezinbestekoa da. Euskal Herrian azken hamarkadatan gizarte hedabide sare zabala sortu da: 600 bat langile gara sektorean eta ehunka mila pertsonarengana heltzen gara. Esparru txikia da gurea baina, aldi berean, indartsua eta ezinbestekoa euskaraz bizi nahi badugu.
Administrazioa, hezkuntza eta hedabideak zutabe funtsezkoak dira hizkuntza garapenean. Baliabideei dagokionez, administrazioan eta hezkuntzan indar handia jarri da azken hamarkadatan, euskarazko hedabide publikoetan ere bai. Baina askoz gutxiago hedabide ez publikoetan. Euskal gizarte moderno eta kohesionatua eratzeko, hizkuntza-komunitatea osatzeko, gizarte hedabide sare zabala behar bezala babestu behar dugu.
 Euskararen hiztun komunitateak behar duen eremu komunikatiboa sendoa garatzeko, elkarlanaren bidea jorratu dugu urte guzti hauetan euskarazko komunikabideek. Elkarlan hori bideratzeko, HEKIMEN elkartea sortu berri dugu. 50 komunikabide baino gehiago batu gara, euskaraz bizi ahal izateko euskaraz bizi ahal izateko garrantzitsuak garela aldarrikatzeko.
Euskaraz bizi ahal izateko, ezagutza eta borondateaz gain, ezinbestekoak dira baliabideak. Euskarazko eremuak behar ditugu. Hedabideen kasuan, gure herrietan, euskal  gizartean, Europan, munduan… gertatzen denaz informatuko gaituzten komunikabideak behar ditugu.  Teknologia berriek eta Internetek ekarri dituzten aldaketetara egokitutako komunikabideak.
  Komunikabideontzat ez dira garai onak,  krisi hotsak nonahi  entzuten dira. Baina ilusioz ari gara beharrean, bizi dugun egoera gaitzari elkarrekin erantzunez. Euskal gizarteak garai berriak bizi ditu, testuinguru egokia euskararen normalizazioan behar ditugun aldaketak  emateko. Euskarazko komunikabideek,  azken hamarkadetan bezala, gure ekarpenarekin jarraituko dugu. Guztiok euskaraz bizitzeko aukera izan dezagun.
  • Iban Arantzabal (Tokikom), Iban Arregi (Berria), Joseba Igerabide (Xaloa Telebista), Idoia Iparragirre (Gaur 8-Zazpi Haizetara), Berdaitz Goia (Argia), Iñaki Uria (11amaika Telebista), Jon Mikel Zabalegi (Gazteberri) eta Aitziber Zapiain (Euskal Iratiak)