Euskararen aldeko aldarriak, goizean goizetik

elgoibarren.net 2012ko abe. 3a, 14:33

Gaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta, ekimen ugari antolatu dituzte eragile ezberdinek, Elgoibarren zein Mendaron. Elgoibarko Herri Eskolako ikasleak izan dira euskararen aldeko aldarriak egiten goiztiarrenak, kalejiran irten dira-eta goizean goizetik. Kalejiraren amaieran, Lekuederreko karpan batu dira denak eta ordubete inguruko dantzaldia egin dute, Egan taldeko Xabier Saldias eta Idoia Uralderekin (goiko bideoan). Euskararen aldeko ekimenekin jarraituz, Euskaraz bizi nahi dut ‘flashmob’-a grabatuko dute Mendaron, 18:00etan. (bideoa eta argazkiak dauzka)
  • Era berean, Ainhoa Lendinezek honako galdera egin die Elgoibarko eta Euskal Herriko hainbat lagun ezaguni: Zer da euskara zuretzat? Erantzunak Loramen blogean.


  Euskararen Nazioarteko Egunaren harira Mendaroko Udalak eta Euskara Taldeak ‘flashmob’-a antolatu dute gaurko (abenduak 3). Arratsaldeko 18:00ak aldera grabatuko dute plazan, eta grabaziorako ahalik eta jende gehien batu nahi dute antolatzaileek. Esne Beltza taldearen Euskaraz bizi nahi dut abestiarentzako koreografia "erraz" bat sortu dute okasiorako, eta huraxe dantzatuko dute. Grabazioa 18:00ak inguruan hasiko da, baina ordubete aurretik hasiko dituzte entseguak. Antolatzaileek argi laga dute parte hartzeko ez dela ezinbestekoa dantzari ona izatea: ìEuskaraz bizi nahi duten guztiak daude gonbidatutaî.
  Aurrez, ikastolakoek Euskararen Eguneko jaialdia egingo dute, urtero legez. 15:30ean hasiko dute jaialdia, eta antolatzaileek aurreratu dute ordubete inguruko ekitaldia izango dela. Euskal kirolak gaia emanda, eurek sortu dituzten bertsoak abestuko dituzte ikasleek, eta Arno Guraso Elkartekoek gaztaina erreak banatuko dituzte.
Euskararen Eguna Elgoibar Ikastolan
Elgoibar Ikastolak ere, urtero moduan, bat egin zuen Euskararen Egunarekin. Aurreko astean hasitako girotze-ekintzek gaur izan dute amaiera. Argitxoren bisita jaso dute ikasleek goizean. Harekin kantuan eta dantzan ibili dira eta Euskararen Egunaren harira urtero egiten den pregoia irakurri du Pake Garzia Elgoibar Ikastolako irakasleak. Ondoren, ikasle nagusienek gazteagoentzako jolasak antolatu dituzte. Arratsaldea dantzan hasi dute eta txokolatada batekin eman diote amaiera Euskararen Egunari.
Zinea eta antzerkia euskaraz
  Elgoibarko Udalak ere “ahalegin berezia” egin du Euskararen egunaren inguruan kultura euskaraz gozatu ahal izateko. Hala, ekitaldi sorta antolatu dute:
  • Abenduaren 3an, Udal Euskaltegiko eta AEKko ikasleek bertsolaritzara hurbiltze aldera, Bertso Eskolako ordezkari batek emandako saio praktiko bat izango dute.
  • Abenduaren 3an, “Bypass”, zinea euskaraz, ikusteko aukera paregabea izango da Herriko Antzokian, 21:30ean.
  • Abenduaren 5ean, “Lingua Nabajorum” antzezlana ikusteko aukera izango dute DBH 4ko eta Batxilergoko ikasleek goizez, eta herritarrek iluntzean, 20:30ean, Herriko Antzokian.
ARGAZKIAK: Herri Eskolako ikasleen kalejirako eta erromeriako argazkiak.