Urtero bezala, kanpaina honen bidez, hizkuntzaren transmisioan eragin nahi da, gurasoei euren seme-alabentzat lagungarri izango diren euskarazko produktuen berri emanez.
Hala, hurrengo egunotan katalogoaren 2.000 ale banatuko dira gure herrian: gehienak, herriko ikastetxeen bitartez, baina baita euskaltegietan, liburutegian eta jostailu eta liburu dendetan ere. Euskal Herri osoan, bestalde, katalogoaren 140.000 ale banatuko dira, etxeko haur eta gaztetxoek euskaraz jolasteko, ikasteko, irakurtzeko eta gozatzeko aukera izan dezaten.
Gurasoentzako eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako ehunka erreferentzia biltzen ditu katalogoaren aurtengo edizioak: musika, DVD filmak, informatika, aldizkariak, liburuak, jostailu eta jokoak, gurasoentzako produktuak. Gainera, produktu bakoitzaren gutxi gorabeherako prezioa ematen da, eta zenbait ataletan adinaren araberako banaketa ere egiten da.
Katalogoa sarean kontsultatzeko bi aukera daude: www.katalogoa.org web gunean edota Elgoibarko Udalaren www.elgoibar.org web gunean, hain zuzen, Euskara Sailaren atalean.