Txankakoako zubiaren zoladura "nahiko hondatuta" dagoenez, eta irisgarritasun arazoak "nabarmenak" direnez, Elgoibarko Udalak Txankakoa zubiko zoladura berritzeko lanak hasiko ditu. Lanak N-634 errepidea azpitik zeharkatzen duen tuneleraino ailegatuko dira, eta bertako zorua berritzeaz gain (ondoko argazkian), argiteria aldatu egingo dute.
Zubiaren alde banatan dauden espaloiak zabaldu egingo dituztela izango da berrikuntza nabarmenena. Hala, ibilgailuentzako bidea estutu egingo dute eta 3,5 metroko zabalera izango du aurrerantzean. Horrenbestez, ibilgailuek ez dute zubian aparkatzeko aukerarik izango. Era berean, ibilgailuentzako bidea eta espaloiak maila berean jarriko dituzte, gaur egun altuera desberdinetan daude-eta. Bi guneak bereizteko, kateaz loturiko gontz desmuntagarri batzuk jarriko dituzte. "Kultur Etxearen aurrean daudenen antzerakoak", argitu du Ricardo Garate hirigintza zinegotziak.
•Errosario kalea trafikoari itxita
Obrek irauten duten bitartean Errosario kalea itxita egongo da trafikoarentzat. Oinezkoentzak, aldiz, irekita egongo da Txakakoako zubia. Udaleko arduradunen aurreikuspenen arabera, Gabon Zahar Feria bezperarako, abenduaren 28rako, amaituta behar lukete lanek.
Txankakoako zubia ondare gisa sailkatuta dagoen "monumentua" dela gogora ekarri du Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak. Hala izanik ere, "tratu gogorra" jasotzen duela zubiak nabarmendu du eta tratu hori arintzeko asmoz hasi dituzte berrikuntza lanak.