Break dantzariz osatutako zirkuak dantzan jarriko du Herriko Antzokia

elgoibarren.net 2012ko abe. 10a, 20:56

Zirkua izango da Elgoibar Urban Show hiriko dantza eta kultura jaialdiaren hirugarren ekinaldiko protagonista nagusietako bat. Parte hartuko duten dantzari guztiek zirkuarekin zerikusia duten koreografiak eskainiko dituztela argitu du Maria Escobedok. Datorren barixakuan (abenduak 14), 20:30ean, Herriko Antzokian eskainiko duten ikuskizunean izango da hori. Urban Show jaialdia, baina, gaur hasi da Ion Santotomasek eskaini duen Break tailer praktikoarekin. Eguenean, berriz, Kalegoen plazan hasi eta Maalako parkean bukatuko den kalejira berezia egingo dute gonbidatutako artistek, 19:30etik aurrera.



 Amaia Txurruka eta Blanca Salegi, Kultura zinegotzia eta Kultur teknikaria, hurrenez hurren, eta Ion Santotomas hip-hop kulturaren adituaren laguntzarekin aurkeztu ditu Maria Escobedok aurtengo ikuskizunaren nondik norakoak, gaur goizean emandako prentsaurrekoan. Herriko Antzokiko taula gainera igoko diren talde eta dantzari guztiek gai baten inguruan dantza egingo zutela aurreratu zuen urriaren amaieran. Ezkutuan gorde zuen gaia zirkua izango dela argitu du gaur. Era berean, gazteei bereziki zuzendutako ikuskizuna izango dela gaineratu du. "Gehiago dira umeei edo nagusiei zuzendutako ikuskizunak, hau, baina, gazteentzako espresuki prestatua izango da".
 Elgoibarrera etorriko diren dantzariak puntua-puntakoak eta profesionalak direla azaldu du Maria Escobedok. (Beheko argazkietan ikus ditzakezue parte hartuko duten artistak eta kolaboratzaileak, eta honako loturan bakoitzaren ibilbidea)

 Elgoibarren hip-hop kultura ezagutzera emateko Maria Escobedok egin duen ahalegina eskertu du Blanca Salegik, eta azken hiru urteetan erakutsi duen "ilusioa, indarra eta bizitasuna" goraipatu ditu. "Era guztietako dantzak ezagutzeko aukera izan dugu elgoibartarrok, baina hip-hopa urrun geratzen zitzaigun errezeloa neukan orain hiru urte. Bistakoa da, baina, jarraitzaileak dituela, Herriko Antzokia bete dute-eta azken bi urteetan", adierazi du. Ildo beretik, Elgoibarko Udalarentzat era honetako ikuskizunak antolatzen laguntzea "ohore bat" dela adierazi du Amaia Txurruka Kultura zinegotziak, eta aurrerantzean ere Udalaren babesa izango duela ziurtatu du.
Sarreren salmenta bide onetik doala azaldu du Escobedok eta kanpotik ikusle dezente etorriko direla esan du.
  • Sarrerak: Elgoibarren, Iriondo Kirolak eta Gozotoki Amagoian eskuratu daitezke sarrerak (Ogiberri Calbeton okindegian, Eibarren). Internetez ere erosi daitezke, www.danceandsmile.com webgunean. Aurrez erosiz gero, 8 euro balio ditu sarrera bakoitzak eta 10 euro egunean bertan leihatilan erosita. 

Artis.

Isaac Suarez.

Ion Santotomas.

Maria Escobedo.

Ion Mikel Landa eta bere taldea.

Jaki eta Crazy Hospital taldeko kideak.

Naroa eta Lorea, Dance and Smile taldeko kideak eta antolatzaileak.

Wish.

BIDEOA: Frank Da Costa egiteko gai denaren erakusgarri bat, honako bideoan:


 

Lotura duten albisteak: