Bi eper, erbi bat eta pagauso bat ehizatu zituzten Arkaitz Egañak eta Lagun bere txakurrak, sei orduko ehizaldiaren ostean. Guztira, 1.530 puntu zenbatu zituen elgoibartarrak. Jose Manuel Fabregat sailkatu zen bigarren postuan, bi eper eta erbi bat ehizatuta. 1.380 puntu batu zituen ehiztari valentziarrak.
•Epailearen ustekabeko lesioa
Arkaitz Egañak Gipuzkoako Ehiza Txapelketa irabazi du aurten eta hitrugarren egin zuen Euskadiko txapelketan. Alabaina, iaz Euskadiko txapeldun izan zela-eta joan da aurten Espainiako Txapelketan parte hartzera. Izan ere, urtebeteko atzerapena dauka txapelketa horrek, elurte baten ondorioz txapelketa bat bertan behera laga behar izan zutenetik. Gainera, aurten, Egaña izan da ehiztari euskaldun bakarra. Gogotsu ekin zion lehiari, baina aldapa gora jarri zitzaion txapelketa hasieratik, bere epaileak min hartu eta kontrol postura itzuli behar izan zuten-eta epailez aldatzera. Era honetako txapelketetan, ehiztari bakoitzak epaile bat izaten du ondoan uneoro. Denbora galtze hark zituen aukera guztiak zapuztu zizkiola pentsatuz, erabat etsita itzuli zen Egaña kontrol postura, baina, ez zuen eraginik izan azken emaitzan.
Txapelketa jokatu zen ehiza esparruan ehizatzeko animalia gutxi zeudela-eta kexu agertu ziren zenbait ehiztari probaren amaieran, eta horrelako txapelketak ehiza gehiago dagoen barrutietan jokatu behar direla salatu zuten. Iazko irabazleak, Francisco Mateosek, esaterako, soinean zeraman podometroa erakutsi zien amaieran han bildutakoei. Sei orduan 32 kilometro egin eta ale bakar bat ehizatu gabe amaitu zuen proba.