Joan zen urriaren 15ean hasi zen Gipuzkoako Auzitegian hilketa argitzeko epaiketa. Hiru ziren hilketaz akusatuak, eta hirurak zigortu dituzte, EFE albiste agentziak jakitera eman duenez. Hala, hamabost, hamasei eta 22 urteko kartzela zigorrak jarri dizkiete hilketaz akusaturiko hiru gizonei. Akusatuetako bati, hilketa delituaz gainera, osasun publikoaren aurkako delitu bat egotzi diote, etxean anfetamina atzeman ziotela leporatuta, eta horregatik jaso du zigor handiagoa.
Beste akusatuetako bati hamasei urteko kartzela zigorra eman dio epaileak, hilketa leporatuta. Hirugarrenari, berriz, hamabost urtekoa; azken hori hilketa burutzeko laguntzaile ezinbestekoa izan zela uste du epaileak. Hildako gizonaren alabari 65.000 euro eta interesak ordaintzera ere behartu ditu epaileak.
•Kolpeka hil zuten
Epaiak frogatutzat ematen du hiru akusatuek beste gizona engainatu zutela, droga trafikoarekin zerikusia zuen ustezko negozio baten aitzakian eraman zutela Elgoibarko enpresa batera, eta bertan hil zutela kolpeka, 2009ko ekainean. Eskatutako dirua ostu zioten gero, ebazpenaren arabera. Gorpua Madariaga auzoko leize batera eraman zuten hiltzaileek. Bi hilabetez egon zen gorpua han. 2009ko abuztuan aurkitu zuten kasualitatez Bartzelonako espeleologo batzuek. Ikerketa abian jarri ostean, hiru gizon atxilotu zituen Ertzaintzak 2009ko abenduan, tartean bi elgoibartar, gizona hiltzea leporatuta. (iturrua: berria.info)
∞Lotura duten albisteak: