Mendaroko taldeak Berrobikoari irabazi zion gizon proba deman

elgoibarren.net 2012ko abe. 12a, 18:11


Kontzezio Eguna ospatu zuten joan den abenduaren 8an Mendaron. Giro goibela eta bustia egin zuen arren, jende asko batu zen Mendaron. Azoka ikustera joandakoak asko izan ziren arren, aurten jendetza handiak batu dituzten bi ekintza egon dira. Batetik, ikusmin handia zegoen Guinnesss errekor saiakera ikusteko. Intxaurrak ipurdiarekin apurtzeagatik mundu osoan ezaguna egin den Juan Carlos Diez Sotoren (Ormaiztegi, 1968) errekor saiakera ikusteko, alegia. Eta, bestetik, sekulako jakin-mina sortu zuen gizon proba lehiak. (bideoa eta argazkiak dauzka)

 


Mendaroarren indar erakustaldia
  Nahi baino gutxiago entrenatuta, baina ilusio handiarekin aurkeztu zen plazara gizon probetan parte hartu behar zuen Mendaroko mutil taldea. elgoibarren.net-en aurreratu genizuen moduan, azken bi hilabeteetan Kalbarixoko probalekuan aritu dira entrenatzen, baina estreinakoz parte hartu behar zuten gizon proba batean. Eskarmentu falta, baina, ez zen oztopo bakarra, aukeratu zezaketen aurkaririk gogorrena aukeratu zuten-eta estreinaldirako. Berrobiko taldearen aurka neurtu behar zituzten indarrak, Gipuzkoako txapeldunen kontra. Eta hori guztia herritarren aurrean. Mendaroarrek jakin-min handia zuten etxeko mutilak zer egiteko gai ziren ikusteko. Erronka ez zen edonolakoa. Mendaroarrek, baina, plaza gizonak direla erakutsi zuten, eta plazara lehenengo irten zen Berrobiko taldearen lana, -48 plaza egin zituzten- hobetu zuten. Mendaroko taldeak 51 plaza osatu zituen 800 kiloko harriarekin. Herritarren oihu eta animoek behartuta, dena eman zuten zortzi mutilek. Hustuta bukatu zuten, leher eginda. Aurreratu zuten moduan ikuskizuna eskaini zuten eta kolorea eman zioten Kontzezio Eguneko arratsaldeari, hori baitzen Mendaroko Udalak gizon probak antolatuz lortu nahi zuena.

Guinness errekorra berdindu zuen Diez Sotok
  Gizon probak jokatu baino ordu batzuk lehenago, plaza berean, Juan Carlos Diez Soto ormaiztegiarra munduko Guinness errekorra ontzen saiatu zen. Intxaurrak ipurdiarekin apurtzeagatik egin da ezaguna Diez Soto, eta minutuan 76 intxaur baino gehiago apurtzeko asmoarekin azaldu zen Mendarora, horixe baita eskuak lurrean jarrita berak daukan munduko errekorra. Goiko bideoan ikus dezakezuen moduan, gogotik saiatu zen. Ondu ez bazuen ere, errekorra berdintzea lortu zuen Mendaroko plazan. Epaileek 76 intxaur eman zituzten balekotzat. Intxaurrez gain, beste fruitu lehor batzuekin ere erakustaldia eskaini zuen Diaz-Sotok. Harridura aurpegiak ikus zitezkeen ikusleen artean. Sinetsi ezineko malgutasuna eta trebezia erakutsi zituen-eta ormaiztegiarrak. Hala eta guztiz, tratu handia eman zion gorputzari.

Mendaroko Udalaren esker ona
  Mendaroko Udalak Kontzezio Egunaren balorazio egin du eta "oso ona" izan da balorazio hori. Bezperan hasi zirela Kontzezio Egunaren bueltan antolatutako ekintzak azaldu du Sonia Garcia Mendaroko alkateak. "Hariari Tiraka" diska berria aurkeztu zuten Juan Arriola "Arta" eta Arkaitz Minerrek, Gari Otamendi dantzari eta biolinistaren laguntzaz, San Agustin Aretoan. Eskaini zuten ikuskizunaren kalitatea "izugarria" izan zela nabarmendu du Garciak. "Paregabea izan zen. Batzuetan ez gara konturatzen etxe ondoan ditugun altxorretaz", adierazi du.
  Kontzezio Egunean eguraldiak lagundu ez bazuen ere, goiz partean Mendarora hurbildu zen "jendetza" azpimarratu du Mendaroko alkateak, eta azokan parte hartu zuten lagunak eskertu ditu. "Eskerrak eman nahi dizkiet azoka prestatzeko laguntza eman zuten herriko elkarte guztiei, gaztetxeari, bertan postuak ipintzeko ilusioa eduki zuten mendaroar guztiei, baserritarrei, egun osoan lanean jardun zuten udaleko brigadako langileei eta, nola ez, Mendaron batu zen jende guztiari". Gizon probetan parte hartu zuten gazteen ahalegina ere eskertu du alkateak. Honela adierazi du: "Bi hilabete luzean egindako ahaleginaren eta pasatako nekeen ordaina jaso zenuten zapatuan. Zuen ilusioari, hurbildu zen jendetzaren gertutasuna eta animo oihuak batu, eta aspaldian herriak galduta zuen harrotasuna berreskuratu genuen. Irriak ikus zitezkeen aurpegi batzuetan, malkoak besteetan. Ikuskizun izugarria eskaini zeniguten. Segi horrela!".

Izeta irabazle sagardo lehiaketan
  Kontzezio Eguneko sagardo lehiaketan Izeta sagardotegiak aurkeztutako zukuak irabazi zuen lehen saria. Azkenik, produktuz betetako otarraren zozketan Loli Morenok aurkeztu zuen txartel irabazlea eta berak eraman zuen etxera otarra.
•ARGAZKIAK: 2012ko Kontzezio Egunean ateratako argazki bilduma ikus dezakezue jarraian:

Lotura duten albisteak: