Euskal jantzien inguruko hitzaldi-tailerra antolatu du Haritz dantza taldeak

elgoibarren.net 2012ko abe. 13a, 10:21

 
Haritz Euskal dantzari taldeak antolatuta, euskal jantzi eta janzkera tradizionalei buruzko hitzaldi teoriko-praktikoa eskainiko du Ane Albisuk, abenduaren 17an, Elgoibarren. Ikerfolk elkarteko Atondu saileko arduraduna eta ikerlaria da Albisu, eta ekimen horretan landu dituzten gaiak azalduko ditu. (bideoa dauka)


 Atondu, XXI .menderako proposamena izenburuko liburuaren egilea da Ane Albisu donostiarra (goiko argazkian, erdian). Tradiziozko euskal jantziei buruzko liburua da, baina janzte hutsetik haratago, tradiziozko euskal jantziak prestatzeari edo atontzeari ematen zaio garrantzia lan horretan. (informazio osoagoa: www.dantzan.com)

Teoria eta praktika uztartuta
  Atondu liburuaren egilea izateaz gain, izen bereko ekimenaren zuzendaria da Ane Albisu. Eta, hain zuzen ere, ekimen horretan landutako gai nagusiak azaltzera etorriko da Elgoibarrera, folklorea eta modaren inguruko hainbat lan egin dituen ikerlari donostiarra.  XX.mendean janzkera tradizionalak izan duen bilakaera oinarri hartuta, jantziak janzteko moduak duen garrantzia azalduko du. Teoria eta praktika uztartuko ditu hitzaldi-tailerrak. Hala, besteak beste, etxean dauzkagun arropekin jantzi bat nola osatu erakutsiko du, "jantzi sinple" batekin nola atondu daitekeen ere bai, eta, hainbat jantzi modu egokian janzteko trikimailuak ere ezagutaraziko ditu. Euskal jantziak janzteko egun aproposak datoz, eta ideiaren bat hartzeko aproposa izan daiteke Haritzen proposamena.
  •  Abenduaren 17an, astelehenean, eskainiko du hitzaldi-tailerra, Inazio Bereziartua musika eskolako hitzaldi gelan (3. solairua), 19:00etan hasita.

BIDEOA: Hona hemen Atondu ekimenari buruz GipuzkoaKultura-k argitaratutako bideo bat: (iturria: dantzan.com)

  *Argazkia: Kezka dantza taldea.