Nerabeek alkohola kontsumitzeko dituzten ohiturei buruzko kafe-tertulia, bihar, Gaztelekuan

elgoibarren.net 2012ko abe. 14a, 11:57

 
Gurasoentzako kafe-tertuliak antolatu ditu Gaztelekuak, eta lehenengo saioan nerabeek alkohola kontsumitzeko dituzten ohiturei buruz jardungo dute. Norbera elkarteko kideek gidatuko dute solasaldia, eta gurasoen kezkak eta zalantzak argituko dituzte.



 Norbera elkarteko kideek jakinarazi dutenez, azkenaldian egin diren ikerketen arabera, nerabeak oso gazte hasten dira alkohola kontsumitzen. 1994tik hona, nerabeak 13,5 urterekin hasten dira gutxi gorabehera alkohola kontsumitzen, eta ez dago desberdintasunik nesken eta mutilen ohituren artean. Hala eta guztiz, gazten artean alkohola gero eta gutxiago kontsumitzen da, oro har, baina muturreko bi joera antzeman dituzte Norbera elkarteko kideek. Batetik, alkoholik edaten ez duten
gazte gehiago dago, baina bestetik, alkohol asko kontsumitzen duten gazteen multzoa ere handitu egin da. Norbera elkarteko kide Alberto Alegriak BARREN aldizkariari eskainitako elkarrizketan (ikus PDFan) adierazi zuen moduan, "Alkohola presente dago gure kulturan, eta, nolabait esateko, mozkortzeari errespetua galdu zaio".
 Gai honetan sakonduko dute Gaztelekuak biharko (abenduak 15) antolatu duen kafe tertulian. 11:00etan hasiko da saioa Gaztelekuan.