Unai Iturriaga, Alaia Martin, Andoni Egaña, Xabier Amuriza eta Jon Maia
arituko dira bertsotan Herriko Antzokian, denak ere Uxue Alberdiren
esanetara. Abenduaren 17tik 21era sarrerak Elgoibarko Izarraren bulegoan
erosteko aukera izango da. 10 euro balio ditu sarrerak (9 euro bazkide,
ikasle, langabetu eta pentsiodunentzako).
Boskote dotorea batuko da abenduaren 27an Elgoibarko Izarrak urtero antolatu ohi duen neguko bertso-saioan. Abenduaren 27an izango da hori, 22:00etan, Herriko Antzokian.
Elgoibarko Izarrak urte mordoa darama bertso-saio hau antolatzen, eta sarritan Herriko Antzokia lepo beteta sarrerarik gabe ere geratu dira herritarrak. Horregatik, sarrerak aurrez erosteko gomendioa egin dute antolatzaileek.
•Uxue Alberdi gai-jartzaile
Azken urteetan oholtzara ezbairik gabe igo da bertsolari elgoibartarra, eta aurten ere ez die huts egin herrikideei. Bertsolari lanetan baino, gai-jartzaile moduan jardungo du aurtengoan Alberdik.
•Beinke bertso eskolakoek euren lekua
Elgoibarko Izarrako Beinke bertso-eskolako ikasleek ere hartuko dute parte saioan. Hain zuzen ere, eurek izango dute Herriko Antzokira joaten diren lagunei ongi-etorria egitearen ardura. Bertsotarako plaza faltan, etxeko plazan egingo dute estreinako saioa herriko promesa txikiek. Bigarren urtea du Beinke bertso-eskolak. Elgoibar Ikastolan orain 10 urte sortutako Errazu bertso-eskolaren segida da bera, herriko ume guztiei eskaintza zabaltzeko asmotan izen-aldatua, eta 15 bat umeko taldeak dihardu kantuan ikasten Ane Astigarraga, Amets Izagirre eta Mikel Olaizola irakasleen esanetara (alboko argazkian hirurak).
•Bertso saioan parte hartuko duten bost bertsolariak eta gai jartzailea: