Eguberrietako kontzertuak eskainiko dituzte musika eskolako ikasleek Elgoibarren eta Mendaron

elgoibarren.net 2012ko abe. 18a, 20:40

Musika eskoletako ikasleek Eguberrietako kontzertuak eskainiko dituzte datozen egunetan. Batetik, Mendaroko Ameikutz musika eskolako ikasleek San Agustin Kulturgunean eskainiko dute kontzertua eguaztenean (abenduak 19). Bestetik, Elgoibarko Inazio Bereziartua Musika eta Dantza eskolako ikasleek barixakuan (abenduak 21) eskainiko dute kontzertua, San Bartolome Parrokian. Elgoibarko Udal Musika Bandak ere egitarau berezia prestatu du eguberrietarako.


Sarrerak agortuta Mendaroko kontzerturako
  Mendaroko Ameikutz musika eskolako ikasleek eguaztenean eskainiko duten kontzerturako sarrera guztiak agortuta daudela jakinarazi dute antolatzaileek. Musika eskolako 85 bat ikaslek parte hartuko dute ikasturte amaierako kontzertuan. 19.00etan hasiko da emanaldia.

Kontzertua eta Batzar Orokorra

1706637882882 Eguberrietako kontzertuak eskainiko dituzte musika eskolako ikasleek Elgoibarren eta M

Urtero bezala, ikasturtean ikasitakoa jendaurrean erakusteko aukera izango dute Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolako ikasleek ere. Abenduaren 21ean eskainiko dute Gabonetako kontzertua, 20:00etatik aurrera, San Bartolome parrokian. Era berean, musika eskolak urteko Batzar Orokorra ospatuko du eguazten honetan, abenduaren 19an. Musika eskolako auditorioan egingo dute 19:30etik aurrera.

Udal Musika bandaren eguberrietako kontzertuak
 Eguberriak direla-eta, kontzertu bereziak eskainiko ditu Elgoibarko Udal Musika Bandak. Domekan (abenduak 24) Gabonetako kontzertu berezia eskainiko dute Herriko Antzokian, 12:30ean. Garikoitz Mendizabal txistulari ezagunaren kolaborazioa izango du Udal Musika bandak pare bat piezatan. Besteak beste, Euskal Herriko Txistularien Elkarteko presidentea da zestoarra, eta baita Elgoibarko dultzainero taldeko kidea ere. (ikus hemen kontzertuaren egitaraua)
 Astelehenean, abenduaren 24an, berriz, Gabon Eguneko kalejira egingo du Udal Musika Bandak herriko kaleetan barrena. Gainera, euskal kantak abesteko geldialdiak egingo dituzte San Lazaro egoitzan eta Kalegoen plazan. 18:30ean hasiko da kalejira. Azkenik, Errege Egunean, urtarrilaren 6an, kontzertua eskainiko dute Herriko Antzokian. Errege Eguneko kontzertua 12:30ean hasiko da (ikusi egitaraua)