Concepto Egilek hiruna berdindu zuen Zierbenaren aurka, baina lidergoan jarraitzen du

elgoibarren.net 2012ko abe. 19a, 14:42

 
Areto futboleko Bigarren B mailako orain arteko bi talderik onenek neurtu zituzten indarrak, joan den zapatuan, Zierbenan. Sailkapeneko lehen eta bigarren sailkatuaren arteko lehia hirunako berdinketarekin amaitu zen. Etxetik kanpo jokatu arren, Concepto Egilek uneoro kontrolpean ian zuen partida, harik eta, 36 segundoren faltan, azken bedinketaren gola jaso zuen arte, zoritxarreko jokaldi batean.


 Jose Ramon Iriarte Debabarrena Klubeko presidentearen berbetan, denboraldiko lehen zati onenetarikoa jokatu zuen Concepto Egilek Zierbenan. Gipuzkoarrek goitik behera hartu zituzten mendean bizkaitarrak, eta 1-3 emaitzarekin ailegatu ziren atsedenaldira. Fher-ek sartu zuen lehen gola eta Raulek beste biak.
 Atsedenaldiaren ostean, sailkapeneko lidergoa jokoan zegoela-eta, dena ematera irten ziren Zierbenako jokalariak. Conceptoko jokalariek eginiko defentsako lanak, baina, gola sartzeko bizkaitarren ahalegin guztiak zapuztu zituen. Etxekoak etsitzen hasita zeuden eta urduritasuna nabaria zen. Hala, Zierbenako entrenatzailearen kanporatzea ekarri zuen etxekoen ezinak. Partida amaitzeko lau minutu eta erdiren faltan bota zuen kalera arbitroak.
 Partidako jokaldirik erabakigarriena, hala ere, zortzigarren minutuan iritsi zen. Arbitroak bigarren txartel horia atera zion Conceptoko Buitre jokalariari. Horrenbestez, jokalari bat gutxiagorekin jokatu zituen azken minutuak Debabarrenako taldeak. Zierbenak ez zuen markagailuan hurbiltzeko aukera alferrik galdu. Buitre kanporatu eta 30 segundora egin zuten bigarren gola eta partida amaitzeko 36 segundoren faltan sartu zuten berdinketaren gola. Zoritxarreko jokaldia izan zen Conceptokoentzat. Zierbenakoek eginiko urruneko jaurtiketa batek Conceptoko jokalari baten gorputzean jo eta sare barruan sartu zen baloia. Ez zen gehiagorako astirik izan. Horrela bada, hirunako berdinketarekin amaitu zen lehen bi salkatuen arteko partida. Sailkapen nagusian ere berdinduta jarraitzen dute, baina Conceptok jarraitzen du lidergoan.
Jokoarekin gustura; emaitzarekin ez
 Gehiegizko saria jaso zuten, beharbada, etxekoek. Halaxe uste du Juanan Rodriguezek, Concepto Egileko entrenatzaileak, pressingsala.com atariari egin dizkion adierazpenetan. “Oso gustura gaude jokatu genuen partidarekin, baina, era berean, lortutako emaitzarekin ez gaude inondik inora gustura. Argi eta garbi, partida irabazteko merituak egin genituela uste dut. Garaipena ez lortzeko funtsezkoak izan ziren Buitreren kanporatzea eta berdinketaren gola sartzeko izan zuten zortea. Horiexek izan ziuren partidako gakoak", adierazi du Rodriguezek.
 Era berean, Zierbenako jokalari garrantzitsuenetakoa den Roberrek onartu du Concepto Egileren nagusitasuna. “Gu baino gehiago izan ziren, zalantzarik gabe. Azken txanpan, baina, lehiatzen jakin genuen, gehiago arriskatu genuen eta sailkapenaren gailurrean jarraitzeko ezinbestekoak diren puntuak eskuratu genituen". (Irakurri Roberen adierazpenak pressingsala.com atarian)
Urteko azken partida
 Urteko azken partidua jokatu zuen Concepto Egilek Zierbenan. Denboraldi ezin hobea egiten dihardute Juanan Rodriguezek entrenatutako mutilek. Orain arte jokatutako partidetatik hamar irabazi eta bakarra berdindu dituzte. Guztira 55 gol sartu dituzte eta 13 besterik ez dituzte jaso.