Udalak Eguberrietako ordainsaria ez ordaintzea erabaki du, EAJ, PSE-EE eta PPren botoekin

elgoibarren.net 2012ko abe. 21a, 15:38

Elgoibarko Udalak ez die ordainduko Eguberrietako aparteko ordainsaria bere langileei. Hala erabaki zuen atzo bildu zen udalbatzarrak, EAJ, PSE-EE eta PPren aldeko botoekin eta Bilduren kontrakoekin. Honenbestez, Espainiako Gobernuak Eguberrietako ordainsaria funtzionarioei ez ordaintzeko emandako agindua berretsi zuen udalbatzarrak. Era berean, Eguberrietako ordainsaria kobratzeari uko egin diote Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak eta Rikardo Garate, alkateordeak.



 Bi puntu zeuden atzo Udalbatzarraren osoko bilkurako gai ordenan. Batetik, Elgoibarko Udaleko langileei eta funtzionarioei Eguberrietako aparteko ordainsaria ordaindu edo ez erabaki behar zuten udal ordezkariek. Izan ere, Espainiako Gobernuak paga hori ez ordaintzeko agindua eman zuen uztailean, 20/2012 Errege Lege Dekretuaren bitartez. “Nahitaez bete behar den dekretua da. Derrigorrean akatatu beharrekoa”, adierazi zuen EAJren izenean berba egin zuen Bittori Zabalak. Aitzitik, erabaki horren aurka bozkatu zuten BilduElgoibar koalizioko zazpi zinegotziek. Jose Luis Ibartzabalek ordainsariak kobratu ahal izateko aukera guztiak agortu behar direla defendatu zuen. “Legeak aurreikusten ez duen zirrikituen bat aurkitu eta ordainsariak edo baliokideak ordaintzeko aukera dagoela uste dugu eta prest gaude zirrikitu horien bilaketan laguntzeko ere”, esan zuen Bilduko zinegotziak. Udaleko langile askok jarraitu zuten zuzenean udalbatzarra.

1706637874141 Udalak Eguberrietako ordainsaria ez ordaintzea erabaki du, EAJ, PSE-EE eta PPren botoe

1706637874219 Udalak Eguberrietako ordainsaria ez ordaintzea erabaki du, EAJ, PSE-EE eta PPren botoe


Ordainsariari uko
 Espainiako Gobernuaren aginduak ez zuen eraginik liberatutako politikarien soldatan, baina Elgoibarko Udalak dituen liberatutako bi politikariek, hau da, Elgoibarko alkateak eta alkateordeak, beren kabuz erabaki dute Eguberrietako ordainsaria ez kobratzea. Erabaki hori, baina, udalbatzarrak onartu behar zuen eta halaxe egin zuen atzo, EAJ eta PSE-EE alderdien aldeko botoekin, PPren abstentzioarekin eta Bilduko zinegotzien kontrako botoekin. Era berean, kobratuko ez duten diru hori Elgoibarko Caritas erakundeari emango diotela argitu dute Alfredo Etxeberriak eta Rikardo Garatek, behar larrian dauden herriko familiei laguntzeko.
"Gehiegizko" soldatak
 Alkatearen eta alkateordearen soldatak “gehiegizkoak” direla salatu zuen Bilduko bozeramaile Jose Luis Ibartzabalek. “Elgoibar baino herri handiagoak diren Errenteriako eta Irungo alkatek, hurrenez hurren, 50.000 eta 60.000 euro kobratzen dituzte. Elgoibarko alkateak, berriz, hori baino soldata handiagoa kobratzen du. Espainian hamar alkate inguru bakarrik daude gureak baino gehiago kobratzen dutenak. Cordobako alkatearen parean jarriko litzateke soldata %20 murriztuko balu. Hortaz, eguberrietako ordainsaria kobratzeari uko egitea txiste bat iruditzen zaigu, zirku bat”.