Partidua hasi aurretik hainbat omenaldi eta oroigarri jaso zituen Joseba Etxeberriak: C.D. Elgoibarrena eta Atleticeko jokalari ohien elkartearena, besteak beste. Azken hori talde txuri gorriko beste mito batek, Jose Angel Iribarrek, eman zion. Aurreskua ere dantzatu zioten, eta hunkituta jarraitu zuen. Are hunkigarriagoa izan zen, baina, ohorezko sakea egiteko unea. Josebaren aitonak, Eulogio Etxeberriak egin zuen-eta ohorezko sakea. Besarkada luze batean batu ziren biak. Eibarko Ipurua futbol zelaian sartu zen estreinako gola sartu zuen Eulogio Etxeberriak, eta gauza bera egin zuen ilobak, zenbait urte beranduago, Mintxeta inauguratu zutenean. Hala bada, omenaldi partidan gola sartuz gero, zirkulua ixteko aukera paregabea zuen Joseba Etxeberriak. Asmo horretan, Athleticen egin zituen hamabost denboraldietan taldekide izan zituen hainbat jokalari eta lagun izan zituen alboan.
- Honako jokalariak zelairatu zituen Athleticen beteranoen taldeak: Armando, Casas, Larrazabal, Alkorta, Sarriegi, Javi Gonzalez, Lakabeg, Del Horno, Goio, Ezquerro, Joseba Etxeberria, Luis Prieto, Edu Alonso, Bolo, Roberto Castro, Urzaiz, Estibariz, Lacruz, Jorge Perez eta Urizar.
Lehen zatian Athletic izan zen nagusi, Elgoibarrek gola sartzeko aukerak izan zituen arren. Erdiko aurrelari postuan jokatu zuen Etxeberriak eta oraindik sasoiko jarraitzen duela erakutsi zuen, futbolari profesional izateari 2010ean laga bazion ere. Kalitatezko jokaldi eta detaileak laga zituen Etxeberriak Mintxetan: driblin laburrak, desmarkatze-iskinak, korrikaldiak hegalean, e.a. Lehen golean ere, hegaletik erdiratutako baloia otsan otsan kontrolatu zuen area barruan, eta gola sartzeko aukera ona zuen arren, Jon Perez "Bolo"ri pasa zion baloia. Honek, baloia sare barrura bultza besterik ez zuen egin. Gol bateko errentarekin ailegatu ziren leoiak atsedenaldira. Bigarren zatian Elgoibarko kamisetarekin jokatu zuen Etxeberriak, bere hastapenak oroituz. Elgoibartarrak ahalegindu ziren gola sartzen, baina kontra eraso batean etorri zen Athleticen bigarrena. Oscar Castrok sartu zuen bizkaitarren bigarren gola. Partidua amaitu aurretik Athleticeko entrenatzaile lanak egin zituen Placido Bilbaok aldatu egin zuen Etxeberria, zaleen txaloak jaso zitzan. Mintxetan batutako publikoaren animoak eskertu eta bi taldeetako aulkietan zeuden jokalariak eta entrenatzaileak agurtu zituen Etxeberriak.
∞Lotura duten albisteak:
- Joseba Etxeberria: “Omenaldi partida honekin nire ibilbideko ziklo bat itxiko dut” (2012-12-17)
- Lezamako harrobian entrenatzaile izateko itzuliko da Etxeberria Athleticera (2012-07-05)
- Euskal Federazioak omenaldia egingo dio Joseba Etxeberriari (2010-12-14)
- “Oilarraren azken kukurrukua”, Joseba Etxeberriari buruzko dokumentala (2010-05-12)
- Etxeberriaren ibilbidea omenduko du Athleticeke (2010-04-27)
- Lagunez inguratuta esango dio agur Etxeberriak futbolari (2010-03-24)
- Hiru milioi euro Qatarren futbolean jokatzeagatik (2010-01-19)
- Zubiaurreren debuta San Mamesen eta Etxeberriaren 500. partida (2009-09-18)
- Kobratu gabe jokatuko du Joseba Etxeberriak azken urtea Athleticen (2008-10-02)
- Iribar mitikoa bakarrik dauka aurretik Etxeberriak (2008-04-24)
- Joseba Etxeberria: “Alaba ikusten dudanean tristura guztiak ahazten zaizkit"