Lehiaketaren azken fase honetan, herritarrek parte hartzeko tresna bereziak jarri dituzte antolatzaileek. Hala, Internet bidez botoa emateko aukera izango da. Herritarren botoek pisua izango dute azken erabakian, %25ekoa, hain justu ere. Urtarrilaren 4an amaituko da botoa emateko epea.
Bilbaotxokoak webgunean ikusi daitezke La Peña auzorako aukeratutako lau finalistak, tartean Arkhiru enpresaren Bilbolonia. Orrialdean bertan, azpialdean, eman daiteke botoa.
- Egin klik honako loturan: bilbaotxokoak.raconspublics.com
Hiri-begiratokia izateko asmoarekin sortutako proiektua da Bilbolonia, Arkhiru enpresa osatzen duten hiru arkitektoen berbetan. “Denbora pasa ahala aldatu egingo den proiektua da gurea, eta amaieran dagoen ingurunera erabat integratuta egongo da". Urtaro bakoitzean kolore ezberdinak izango dituela ere azaldu dute. Arkhirukoen ustez, ingurumenari egiten dio ekarririk handiena euren ideiak. “Animalia eta landareentzako bizitoki berriak izango dira etxe aurrean jarriko genituzkeen jardinerak. Horrez gain, landaretza horrek guztiak oxigenoa sortzen ere lagunduko du, eta baita itzala eman ere. Era berean, bero isolamendua eta isolamendu akustikoa eskainiko die bizilagunei”. Gainera, bizilagunek eurek aukeratuko dutela zer landare mota erein eta landatu nabarmendu dute. 40.000 euroko aurrekontua izango luke Bilboloniak.
•Herritarrek herri-diseinuan parte hartzeko aukera
Bilboko Udalak antolatu du Bilbao Txokoak, hiria hobetzeko ideiak lehiaketa, herritarrek herri-diseinuan parte hartzeko aukera izan dezaten. Hiriko hamar gune berreskuratzea eta sozioekonomikoki suspertzea dira ideia-lehiaketaren helburu nagusiak. Lehiaketara beren auzoa “hobetu” nahi duten pertsona, talde eta elkarte guztiek aurkeztu zitzaketen proposamenak. Antolatzaileek ziurtatu dutenez, haien ideiak "berdintasun baldintzetan lehiatu dira profesionalek zein enpresa espezializatuek, baita nazioartekoek ere, aurkeztutakoekin".
Aurrez azaldu moduan, Bilboko Udalak hamar eremu hautatu zituen eta hilero baten berri emango du tokiko argitalpen baten bidez eta horren berri emateko ezarriko diren beste euskarri batzuen bidez. Urrian jarri zuten abian “Bilbao Txokoak” lehiaketa eta hamar hilabeteko iraupena izango du, txoko bakoitzeko hilabete bat, alegia.
Lehenengo epaimahai batek espazio publiko bakoitzeko lau ideia finalistak hautatuko ditu, eta bigarren epaimahaiak horien guztien artean "Bilbao Txokoak" lehiaketako hamar irabazleak hautatuko ditu. Ideia irabazleak 2013ko urrian emango dira jakitera. Proiektu garaileen egileek 2.000 euroko saria irabaziko dute.