Hiru pilotari elgoibartar lehiatuko dira San Anton Pilota Txapelketan

elgoibarren.net 2012ko abe. 27a, 18:47

Lagunak pilota eskolak antolatzen duen San Anton Pilota Txapelketaren XXII. ekinaldia urtarrilaren 4an hasiko da. Egun horretan jokatuko dituzte lehen finalerdiak Ikastolako frontoian. Aurten hiru pilotari elgoibartar izango dira lehian eta hirurek jokatuko dute lehen jardunaldian. Horietako batek, -Iker Txurrukak- gainera, pilotari "ilustre" batekin osatuko du bikotea, Mikel Goñi mediatikoarekin, hain justu ere.


Aurkari gogorrak Lizarralderentzat
 Bi mailatan banatzen da San Anton Pilota Txapelketa; 20 urtez azpikoak eta nagusiak. Lehen finalerdia urtarrilaren 4an, barixakuan, jokatuko da. 22 urtez azpikoen mailako partiduan, Juaristi azkoitiarrak eta Lizarralde elgoibartarrak osatutako bikoteak Ugalde eta Imaz oiartzuarren aurka jokatuko du. Estreinaldi gogorra egokitu zaio Lizarralderi, Ander Imaz atzelari oiartzuarra izango baitu aurrez aurre. Afizionatuetan prestigio handia duen DV Txapelketa irabazi berri du Imazek, Dario errioxarrarekin bikote eginez. Pilota jaialdiari hasiera emateko ahogozagarri ona izango da gaztetxoen partida. Plater nagusia, baina, bigarren partidarekin ailegatuko da.

Mikel Goñi ikusteko aukera berri bat
 Mikel Goñi oronoztarrak Iker Txurruka elgoibartarrarekin jokatuko du nagusien partidan. Aurrez aurre, Kepa pilotari elgoibartarra eta Berrobiko Altuna izango dituzte. Mendaroarrek joan den uztailean, Santana jaietan, izan zuten Goñi zuzenean ikusteko aukera, eta elgoibartarrok ere izan dugu pilotari nafarra bertatik bertara ikusteko aukera orain dela gutxi, Errosarioko jaien barruan, Kalegoen plazan jokatu zuten pilota jaialdian. Ikusmin handia piztu zuen Goñiren etorrerak eta argi geratu zen frontoietara jendetza erakartzen duela oraindik ere.

Bigarren finalerdiak urtarrilaren 11n
 Bigarren finalerdiak urtarrilaren 11n jokatuko dira. Lehen partidan, 22 urtez apikoetan, Arrieta eta Ansotegi bikote markinarrak, Unamunzaga eta Aizpururen aurka jokatuko du. Nagusietan, berriz, Atxotegi plaentxiarrak eta Rezusta bergararrak osatutako bikoteak Arrieta eta Kerman Galarzaren aurka neurtuko dituzte indarrak.
  Finalak urtarrilaren 18an jokatuko dira.

  Iaz, Arrieta eta Rezusta izan ziren txapelketako irabazleak, 22 urtez azpikoetan; eta, Andreu eta Irureta, nagusietan.

  Bai finalerdiak, bai finalak 22:00etan hasiko dira.