Herriko Antzokiko Zine-bonua: bost pelikula ikusi eta lau ordaindu

elgoibarren.net 2012ko abe. 27a, 19:52

 
Herriko Antzokira zinea ikustera joaten diren ikusle fidelenak saritu, eta deskontuen bidez ikusle berriak erakarri nahi ditu Elgoibarko Udalak. Asmo horretan sortu dute Zine-bonua. Bost pelikula ikusteko aukera eskainiko du bonuak, lau sarreraren prezioan. Gainera, bonuak erabiliz urtean 40 filma ikusten dituenak, hamabi filma gehiago ikusteko aukera izango du, doan.

 

 Udaleko Kultura sailak jakinarazi duenez, Errege egunetik aurrera jarriko dute martxan Zine-bonuaren sistema. "Esperientzia pilotu bat" izango dela azaldu dute Udaleko arduradunek eta, nola funtzionatzen duen ikusteko, bi urtean mantenduko dutela gaineratu dute. Herriko Antzokian 64 bat filma ematen dituzte, gutxi gorabehera, urtean. Erdiak Ongarri Zine Klubekoak eta gainerakoak zine komertzialekoak. Zine-bonuen sistemari esker, zine zaleenek 12 pelikula doan ikusteko aukera izango dute, urtean 40 emanaldi ikustera joaten badira. Maiztasun gutxiagorekin zinera joaten direnek ere izango dute, baina saria: lau pelikula ikusi etabosgarrena doan ikusi ahal izango dute-eta.

Prezio berriak urtarrilean
Era berean, urtarriletik aurrera prezio berriak sartuko dira indarrean Elgoibarko Antzokian. Hala, zine emanaldietarako sarrerak sei euroko kostua izango du (4,5 euro Gazte txartelarekin) eta ikuskizun eszenikoetarako sarrerak hamar euro balioko ditu (7 euro Gazte Txartelarekin).

Hona hemen Elgoibarko Udalak zine-bonuari buruz eman dituen xehetasunak:
  1. Bonuak, Kultur Etxeko Kultura Sailean, doan jasoko dira. Bonu bakoitzean erabiltzailearen izena eta NAN zenbakia idatziko dira. 13 urtetik gorakoentzat da. Bonuaren balioa urtebetekoa da.
  2. Bonua eskatzen dituztenen datuak Kultur Etxean hartuko dira datu-base bat egiteko eta zine-erabiltzaileei zineari buruzko informazioa emateko. Gainera, hala nahi izanez gero, beste kultur jardueren gaineko informazioa ere bidaliko zaie.
  3. Bonuak zinerako 4 sarrera izango ditu. Bonu jabea leihatilara joango da zinerako sarrera erostera eta txartel-saltzaileak bonuan azaltzen diren lau laukitxoetako bat zigilatuko dio.
  4. Txartela transferiezina da, eta txartel-saltzaileak sarrera ematerako orduan nortasun agiria eska diezaioke erabiltzaileari, jakiteko ea bera den txartelaren jabea.
  5. Erabiltzaileak lau laukitxoak zigilatuta dituenean, hurrengo zine-emanaldian, leihatilan, txartela entregatuko du eta txartel-saltzaileak sarrera bat emango dio, doan. Txartel-saltzaileak beste txartel bat emango dio erabiltzaileari, eta bertan, berriro ere, izena eta NAN zenbakia idatziko ditu. Txartel-saltzaileak erabilitako txartela Kultura Sailean entregatuko du.
  6. Kultura Sailak, txartela agortu duen erabiltzaileari puntu bat emango dio opari, eta 10 puntu lortutakoan, bi zine emanaldirako sarrerak oparituko zaizkio.